Hori izango da oraingo grebaren berezitasun bat: kooperatiben erantzuna. Joan den ekainaren 29ko greba orokorreko emaitzei begiratuz gero, ikusten da orduan bestelakoa izan zela erantzun hori: hala, Mondragon Korporazioko kooperatiba guztietan lan egin zuten, Eskoriatzakoetan izan ezik, baina han San Pedro jaietatik izan zen. Greba hura lan erreformaren aurka egin zen.
Orain, pentsioen erreformak eragin handia izan dezake kooperatibetako bazkide eta langileengan. Izan ere, iazko martxoan, Lagun Aroren batzar orokorrak bazkide kooperatibisten pentsio erregimena aldatzea onartu zuen. Horren eraginez, bazkideek euren pentsioaren zati handiena Gizarte Segurantzatik kobratzen dute, eta zati txikiena, Lagun Arotik. Ordura arte, justu alderantzizkoa zen proportzioa.