Gaur goizean abiatu da (HI)! Ikerlari, Gazte Ikerlarien I. Forum Zientifikoa Bergaran. 11. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldien baitan ari dira ospatzen, eta eguenean eta egubakoitzean izango du jarraipena. Ikerketa da aurtengo jardunaldien ardatza eta forumak prozesu hori herritarrei gerturatzea du helburu, besteak beste. Janire Lamariano da forumaren antolatzailea, eta hark azaldu du jardunaldien helburua dela ikerketa gizartera gerturatzea modu dibulgatiboan herritarrei. Horrez gain, Debagoieneko ikerlariei aukera eman nahi diete haien ikerketak ezagutarazteko eta azaltzeko aukera izan dezaten.
Guztira Debagoieneko zazpi ikerlari gaztek hartuko dute parte ekimenean, eta horietaz gain, beste hainbat adituren hitzartzeek ere izango dute lekua. Gaur izan da lehen eguna, eta gaurko saioan, Amaia Agirrek Jakin-minetik berrikuntzara: polimeroen mundua ezagutzen izan du berbagai. UNEDen izan diren ikus-entzuleek polimeroez gehiago jakin ahal izan dute; baita mota ezberdinak ikusi ere. Haren hitzartzearen ostean, Uxue Lazkanok, Jokin Labaienek, Maitane Mujikak eta Asier Mongelosek haien ikerketen berri eman dute.

Datozen egunetako ekintzak
Eguenean, berriz, Usue Olatz Aspiazuren, Maider San Torcuatoren eta Blazquezen txanda izango da (10:30-11:30, UNEDen). Gainera, Iker Badiolak Minbiziaren immunologia eta immunoterapia izango du hizpide, 12:00etatik 13:00etara bitartean. Egubakoitzean, berriz, 10:30ean hasita, Gorka Mendiarazek Erreka Medical-eko esperientzia kontatuko du eta Mikel Atxegak, 3D eskaneatze eta modelatzea. Areolalab proiektua.
Hitzaldiez gain, Debagoieneko 13 ikertzaileren poster zientifikoak daude ikusgai UNEDen egoitzan, eta instalazioak irekita dauden bitartean bisitatu daitezke. Lamarianok azaldu du han daudela azalpenak, eta QRaren bitartez azalpenak ikusteko eta entzuteko aukera dagoela.
ZTB jardunaldiei domekan emango zaie amaiera, izan ere, egun hori izango da Aroztegiko erakusketa ikusteko azken eguna. Aroztegin Enpresarek jarri duen Bergaratik mundura: Herria sortzen duten enpresak erakusketarekin herriko industriari balioa eman nahi izan diote. Domekara arte egongo da ikusgai, aretoko ohiko ordutegian.
