Bergarako enpresei balioa ematen dien erakusketarekin hasi dira ZTB Jardunaldiak

Josu Bilbao Atxutegi

Aroztegin dagoen Bergaratik Mundura: Herria sortzen duten enpresak erakusketa.

Egubakoitz arratsaldean ekin diote Bergaran XI. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Jardunaldiei. Aroztegin Enpresarek jarri duen Bergaratik mundura: Herria sortzen duten enpresak erakusketarekin herriko industriari balioa eman nahi izan diote.

ZTB Jardunaldiei hasiera eman diote Aroztegi aretoan azaroaren 15era arte ikusgai egongo den erakusketarekin. Enpresarek antolatutako erakusketak Bergarako industriaren iragana eta gaur egungo garrantzia ditu ardatz, eta herriko industria ondareari eta enpresei balioa ematen diote. Era berean, munduan zehar Bergarako enpresek izan duten eta duten eragina azpimarratzen da erakusketan.

Jardunaldiei hasiera emateko Bergarako alkate Gorka Artolak, Enpresareko zuzendari exekutibo Carla Añonek eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatu Unai Anduezak hartu zuten hitza Aroztegi aretoan.

Marije Unamuno Bergarako Udaleko Garapen Zerbitzuko teknikaria, Rosa Errazkin Laboratorium Museoko zuzendaria, Markel Azkargorta zinegotzia, Gorka Artola Bergarako alkatea, Unai Andueza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako foru diputatuak, Maite Usabiaga zinegotzia, Alain Vivas Enpresareko lehendakaria eta Carla Añon Enpresareko zuzendari exekutiboa.

Artolak gogorarazi du ZTB Jardunaldiak “erreferentziazko gune bihurtu direla zientzia, teknologia eta berrikuntza herritarrengana hurbiltzeko, modu irisgarri eta parte-hartzailean”. Aurtengo edizioaren ardatza ikerketa da, eta alkatearen hitzetan, “emaitzak ez ezik, haien atzean dagoen bidea ere erakutsi nahi da: jakin- mina, hipotesiak, saiakerak eta, zergatik ez, akatsak ere”.

Añonek, erakusketaren harira, Bergarako enpresek nazioartean duten irismena goraipatu zuen: “Bergara bezalako herri batetik munduko edozein txokotara iristeko gai gara. Hemen fabrikatzen diren piezak eta produktuak mundu osora iristen dira”.

Unai Anduezak, bukatzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzak Jardunaldiek "beste edizio bat izaten jarraitzearen garrantzia" aipatu zuen, Bergarako Udalak eta Laboratorium Museoak egiten duten lana nabarmenduz, eta "enpresek, aberastasunaz gain, herria ere sortzen" dutela azaldu zuen, erakusketaren tituluari aipamena eginez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak