Seminarixoan hasi zuten eguna eta ondoren otxote bakoitzak bere ibilbidea egin zuen; Bolun, Poligonoan –Matxiategi kalearen inguruan–, Espoloian eta erdigunean egin zuten kantuan. Anfitrioi lanak egin zituen Alai Berri Abesbatzako Karlos Etxanizen arabera, primeran irten zen eguna. Topaketa honekin kalean kantuan egitea eta otxote formatua aldarrikatzea nahi izan dute.
Enara, emakumezkoz osatutako Baionako otxotea
XX. mendean ohikoa zen otxote formatuan gizonezkoak bakarrik ziren protagonista baina zapatuan Bergaran emakumezkoez osatutako Enara otxoteak ere hartu zuen parte. Gustura asko ibili ziren, entzulearentzat doinu goxoagoak eskainiz.
Amaiera borobila Pertxan
Baionako Enara otxotekoen antzera, egunaz izugarri gozatu zuten Bilboko Txipli Txaplako otxotekoek ere. Bertako kide da Xabier Lapitz. Kalez kale kantuan aritu ostean Irala kalean elkartu ziren talde argazkia atera eta guztiek batera Txanton Piperri operaren Euskalherriko kantua abesteko. Ondoren, Pertxa elkartean bukatu zuten eguna denek batera bapo bazkaldu eta azken kantaldiez mahaiaren bueltan gozatzeko.