Coro de Voces Graves de Pamplona (Iruña), Enara Otxotea (Baiona), Muñatones Otxotea (Abanto-Zierbena), Txipli Txapla Otxotea (Bilbo) eta Bergarako Alai Berri Abesbatza izan dira parte hartzaileak, eta herriko musika eskolako trikitilariak izan dituzte lagun. Seminarixoan ahotsak berotu eta gero, nork bere ibilbidea egin du herrian barrena, eta Irala kalean elkartu dira, talde argazkia atera eta guztiek batera Txanton Piperri operaren Euskalherriko kantua abesteko.
Egunak emandakoari buruz galdetuta, balorazio oso ona egin du Alai Berri Abesbatzako kide Karlos Etxanizek: "Oso gustura gaude. Taldeak zoragarri portatu dira, oso ondo abestu dute eta giro polita sortu dute. Errepikatu beharra dago. Kantuan gero eta gutxiago egiten da, batez ere, kalean, eta ohitura erdigunera ekarri nahi dugu berriz ere: kantuan egitea eta kaleak alaitzea, alegia".
"Emakumeek beste soinu bat dugu"
Lehen edizioan ez bezala, parte hartzaileak Euskal Herri osotik etorri dira oraingoan: EAEtik, Nafarroatik eta Iparraldetik. Eta Iparraldetik, hain zuzen, Baionatik, zehatzago esateko, soilik emakumez osatutako talde bat etorri da: Enara Otxotea. Plazera izan dela azaldu du bertako kide Maialen Ervitik: "Biziki giro onean ibili gara, eta plazera izan da. Lehen aldiz etorri gara Bergarara, eta harrera oso ona egin digute. Denak emakumeak izatera, kantatzeko era goxoagoa da, eta beste soinu bat dugu".
"Oso ondo antolatuta"
Eta gustura, oso, Bilboko Txipli Txapla Otxoteko Xabier Lapitz ere: "Oso polita izan da. Gustatzen zait, bereziki, ez delako lehiaketa, topaketa baizik, eta hori bilatzen dugu guk: harreman berriak egitea, horien bitartez beste herri batzuetara joatea... Iparraldeko neskekin harremana egin dugu gaur, adibidez, eta aprobetxatuko dugu aukera hara joateko". Bergararrekin aritu izan direla erantsi du, baina lehen aldiz etorri direla bertara: "Oso ondo antolatuta, bakoitza bere gidariarekin, tabernaz taberna... Seminarixoa bera ere primerako lekua duzue kantuan egiteko. Eta kalean, giro ona, eta jendea oso pozik. Nola ez ba, kalean musika entzuteko aukera izanda, eta doan gainera!"