Euskotren Ligako eta Kontxako Banderako txapeldun Nerea Agirrezabal omendu du BKEk

Xabier Urtzelai

Gaztetan futbol jokalari izandako Nerea Agirrezabal arraunlaria omendu du BKEk gaur arratsaldean, Bergarako nesken Euskal Ligako partiduaren atarikoan. Iosu Elorza presidenteak klubaren elastikoa oparitu dio Arraun Lagunak taldeko arraunlariari.

Etxeko harrobitik pasatako puntako kirolariak omentzen dabil aspaldian BKE, eta halako keinuak ondo eskertzen dituzte gaur egun beste kirol jarduera batzuetan dabiltzan kirolariek. Duela aste batzuk Real Sociedad taldeko Andoni Calbano atletari tokatu zitzaion, eta oraingoan Nerea Agirrezabalen txanda izan da. Bergarakoak Liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu aurten Arraun Lagunak taldearekin, denboraldi ahaztezina egin du, eta horrek errekonozimendua merezi zuen BKEko lagunendako.

Bada, duela urte batzuk belauneko lesio batek urrundu zuen Agirrezabal Ipintzako eta Agorrosingo futbol zelaietatik, eta kontrara, itsasora gerturatu zuen bergararra. Ez dago jakiterik futbol jokalari moduan ze ibilbide egingo zukeen, baina arraunlari moduan egin duena ez da makala izan, inondik inora. Gaur Alegriakoen kontra partidua jokatzeko gertu zeuden Euskal Ligako nesken txaloak izan ditu opari moduan, elastikoarekin batera.

Garaipena Bergarako neskendako

Behin omenaldia amaituta, Bergarako neskek Alegria izan du aurrean, eta mahonerek arratsaldea borobildu dute garaipen batekin (2-0).Lide Albenizek egin du 1-0ekoa 66. minutuan, eta Nagore Nietok utzi du partidua erabakita (2-0), 89. minutuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak