Guztiz hunkituta heldu da Nerea Agirrezabal Donostiako kaira taldeko kideekin batera Kontxako Bandera jaso ostean. Zain zituen senitarteko, lagun eta jarraitzaileak. Txalo eta besarkada artean hartu dute bergararra.
"Nire inguruko danak hemen daude eta ezin nuen hau hobeto imajinatu. Nahi dut nik bezala beraiek ere hau disfrutatzea, beraiendako ere bada-eta", izan dira bergararraren lehen hitzak lehorrean.
Ondo baino hobeto ospatu dute gaurko garaipena; izan ere, Donostia Arraun Lagunakek denboraldi historikoa borobildu du Kontxako Bandera erakustaldi handi batekin irabazita. Agirrezabalek ez du gaurkoan arraunik egin eta estropada irabazteko faborito argiak baziren ere, urduritasunez bizi izan du taldekideen lana. Alabaina, Arraun Lagunakeko arraunlariek ez diete aurkariei inolako aukerarik eman, eta erakutsi dute, beste behin, emakumezkoen arraunean uneotan duten nagusitasuna ukaezina dela.
Gertukoak kaian zain
Bandera jaso ostean heldu dira Donostiako kaira Arraun Lagunakeko arraunlariak, tartean Nerea Agirrezabal bergararra. Zain zituzten lagunak, senitartekoak eta gertukoak. Pozaren pozez ospatu dute garaipena. Besarkadak eta zorion mezuak izan dira nagusi.
Agirrezabal laster gerturatu du senitarteko eta lagunengana. Hunkituta eta malkoak begietan jaso ditu hainbat lore sorta eta opari. Oparien artean, Bergarako lagun kuadrillak egindako koadroa. Lau arraun taldetan egin du arraunean Agirrezabalek eta argazki bana jasotzen zuen koadroak. Ospakizunak luzeko joko du gaur Agirrezabalendako.
Denboraldi borobila
Aurten jokatu diren estropada guztiak irabazi ditu Nerea Agirrezabal bergararra parte den Arraun Lagunak talde donostiarrak, hamahiru. Euskotren Liga laugarren aldiz jarraian irabazi ostean –bost liga irabazi dituzte–, Kontxara begira zeuden eta lehen estropada nagusitasunez irabazi ostean gaur amaitu dituzte lanak.