ALBISTEAK

Autozaleen Eguna ospatu zuten zapatuan Angiozarren

Eki Letona Erretolatza 2026ko uztailaren 14a

Autozaleen Eguna ospatu zuten zapatuan, uztailak 11, Bergarako Angiozar auzoan. Goizean zehar 70 herritar eta motorzale inguru elkartu ziren, eta plazan sei ibilgailu egon ziren ikusgai auto erakusketan.

Eguerdirako giroa berotzen joan zen eta bertaratu zirenak elizpeko gerizpean egon ziren, beroari aurre egiteko trago batzuk hartzen. Ondoren, bazkaria egingo zuten bertan; paella eta haragi gisatua izan zen menua.

Bazkalostean, berriz, txikienentzako jolasak eta helduentzako jokoak egin zituzten. Azkenik, egunari amaiera emateko, San Kristobalera erromerian joan ziren.

Intxortako Rally Sprinterako dirua

Unai Usobiaga antolakuntzako kidearen esanetan, azken urteetan urtero antolatzen dute jardunaldia, batez ere urrian egingo den Intxortako Rally Sprinta finantzatzen laguntzeko. "Azken 4-5 urteetan egiten dugu egun hau, gehienbat urrian izango den Intxortako Rally Sprinterako dirua ateratzeko. Karrera antolatzea gastu handia da eta honekin dirulaguntza lortzen dugu. Gainera, egun polit bat pasatzeko aukera ematen du, lagunartean bazkaldu eta ondo pasatzeko", adierazi du.

Nerea Gonzalez antolakuntzako kideak ere nabarmendu zuen eguerdirako jende ugari gerturatu dela Angiozarrera. "Goizean pixka bat kosta da jendea hurbiltzea, baina eguerdirako etorri dira familiak, lagunak, bertako jendea eta zaleak. Urrian Intxortako hirugarren Rally Sprinta egitea dugu pentsatuta eta horretarako diru bilketa egin behar da. Hori helburua izan arren, polita da ikustea hemen dagoen auzo giroa".

Erlazionatuak

Autozaleen Eguna Angiozarren

Eki Letona Erretolatza uzt 11 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak