Ohi bezala, hileko azken astelehenean egin dute ohiko osoko bilkura Bergaran, eta atzokoan EAJ Esther Ortiz de Zaratek zinegotzi kargua hartu zuen alderdikideen babesarekin; apirilean Mikel Letek utzitako lekua, hain zuzen ere. Ongietorria eman zioten alderdiaketa udal gobernuak. "Ongietorria ematen diogu Estherri, lehenik eta behin. Mikelek kargua utzi zuenetik egiteko geneukan gauza zen zerrendako hurrengo zinegotzia sartzea. Esther aurretik ere, aurreko legegintzaldian egon da eta badauka esperientzia zinegotzi izaten, eta oso ondo etorriko zaigu".
Sebalek esan moduan, Ortiz de Zaratek badu esperientzia zinegotzi gisa, izan ere, aurreko agintaldian, 2019tik 2023ra bitartean, ere zinegotzia izan zelako. Agintaldi honetan zainketekin eta ongizatearekin lotutako gaiak landuz sartuko da berriro herritarren batzordean.
Adierazpen bateratua
Ekainaren 28ko LGTBIQ+ Harrotasunaren eta Sexu Askapenaren Nazioarteko Egunaren bueltako adierazpen bateratua ere onartu zuten. Egunean bertan kaleratu zuten, baina ekaineko bilkuran berretsi egin dute. Adierazpenean LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen eskubideen alde egindako borroka aitortzen da eta nabarmentzen dute gorroto-diskurtsoak, estigmatizazioa eta lortutako eskubideak zalantzan jartzen dituzten jarrerak berriro ere indarra hartzen ari direla.
"Ez da modu isolatuan gertatzen den zerbait, kulturala da eta errealitate sozial bati erantzuten dio. Horregatik, antolatzen eta borrokatzen jarraitu behar dugu eskubide horien alde atzera pausorik ez emateko. Zentzu horretan, udal bezala konpromisoak hartzea nahi genuen aniztasun, askatasun eta berdintasuna defendatuko duen politika publikoak sustatzekoa eta horretarako, begirada feminista eta intersekzioanala zaintzen eta udal jardunean txertatzen saiatuko gara. Uste dugulako herritar guztiek sexu horientazio edo genero adierazpena edozein izanda, eskubidea daukagula libre eta beldur barik bizitzeko", zioen Maite Usabiagak osoko bilkuraren ostean.