Mikel Lete: "Esperientzia bizia bezain aberasgarria izan da niretzat"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 29a

Asteleheneko osoko bilkuran utzi zuen kargua Mikel Letek ia hiru urtez Bergarako EAJko zinegotzi eta bozeramaile izan ostean. Azkenengo aldiz hartu zuen hitza udalbatzan, eta esker hitzak izan zituen EAJrendako, herritarrendako nahiz udalbatza osatzen duten gainerako alderdiendako.

2023ko hauteskundeetarako EAJko zerrendaburu aurkeztu zen Mikel Lete, eta agintaldi honetan EAJko zinegotzia eta bozeramailea izan da joan den astelehenera arte. Alderdiarekin eta udal taldearekin haurnartu eta partekatu ostean erabaki dute bere udal ibilbidea amaitutzat emateko unea iritsi dela, eta "EAJren proiektua Udalean aurrera eramango duten pertsona berriei bide ematea".

Ia hiru urteko ibilbidea "bizia bezain aberasgarria" izan dela adierazi zuen, eta esker hitzak baino ez zituen hitzak. Batetik, bere alderdiari eta herritarrei "bere garaian aukera eta babesa emateagatik Bergara eta bergararren alde Udaletik lana egiteko". Bestetik, udal langileei zuzendu zitzaien urte hauetan jasotako laguntza eskertzeko.

Udalbatza osatzen duten kide guztiak ere izan zituen gogoan, "nahiz eta gure artean ikuspuntu ezberdintak eta eztabaidak izan ditugun, gaur ere eztabaidak izan ditugu, normaltasun batean kokatzen dut iritzi ezberdinak ditugulako, baina balioan jarri nahi dut gure arteko harremana elkarrekiko errespetuan oinarritutakoa izan delako".

Udal taldeari ere eskerrak eman zizkien urte hauetan izandako inplikazioagatik, konpromisoagatik eta egindako lanagatik: "Jarraitu horrela lanean". 

Aurreratu zuen, aurrerantzean ere, osoko bilkuretara joaten jarraitzeko asmoa duela, "lehen ere etortzen nintzen zinegotzi izan aurretik", baina herritar bezala.

Debagoieneko EAJko ordezkariak Mikel Leteren agurrean. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak