Kepa Sebal Lazpiurrek hartu du bozeramaile ardura Mikel Leteren ordez

Mirari Altube Arrese 2026ko apirilaren 29a

EAJren Udal taldea asteleheneko osoko bilkuran.

Bergarako EAJko bozeramaile eta zinegotzi Mikel Letek erretiratzea erabaki du, Udalean hiru urtez jardun ondoren. Hala, Kepa Sebal Lazpiurrek hartu zuen haren lekukoa asteleheneko osoko bilkuran.

Astelehenean, apirilaren 27an, egindako ohiko osoko bilkuran iragarri zuen Mikel Letek kargu publikoetatik erretiratzeko erabakia hartu zuela. "Modu hausnartu eta arduratsuan hartutako erabaki horrek etapa pertsonal baten amaiera markatzen du, eta zinegotzi jeltzaleen taldearen erreleboa dakar", zioen. Hiru urte egin ditu  Bergarako Udaleko EAJren bozeramaile eta zinegotzi lanetan.

Kepa Sebal Lazpiurrek (Bergara, 1999) hartu du haren lekukoa bozeramaile gisa.  Industria-antolaketako ingeniariak MBA masterra du proiektuen zuzendaritzan, eta, gaur egun, enpresen administratzaile eta ekintzailetza proiektuen zuzendari gisa egiten du lan. Udaleko zinegotzia da 2023tik eta lurralde batzordeko kide postua mantenduko du. Sebalek berretsi egin zituen Leteren hitzak: "Aro berri baten aurrean gaude gure udal taldearentzat. Mikelek lan handia egin du, eta aldaketa honekin, Bergarako etorkizunarekin dugun konpromisoa indartu nahi dugu".

Zinegotzi kargua Esther Ortiz de Zaratek

Letek utzitako zinegotzi hutsunea, ostera, Esther Ortiz de Zaratek (1977) beteko du; gizarte-langilea da eta Osakidetzako langilea 2008tik. Badu esperientzia Udal jardunean, zinegotzia izan baitzen 2019 eta 2023 urteen artean. Zainketekin eta ongizatearekin lotutako gaiak bereziki landuz sartuko da berriro herritarren batzordean.

Ortiz de Zarate pozik agertu da: "Ohore bat da erantzukizun berri hau onartzea. Dedikazioz eta hurbiltasunez lan egiteko konpromisoa hartzen dut, Bergarako EAJ udal taldearen ezaugarri izan den etengabeko lanaren eta komunitateari eskainitako zerbitzuaren ereduari jarraituz".

Aldaketa horiekin lantaldea berritu du EAJk 2023-2027 agintaldiko azken urtean eta adierazi dute "lan dinamika berriak eta erantzukizunak banatzeko dinamika berriak" ekarriko dituztela udaleko batzordeetara. Gaineratu dute Letek udalarekin eta Udal taldearekin "lotuta" jarraituko duela zenbait lanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak