ALBISTEAK

Angiozar Toki Erakunde Txikia eratzeko Udalaren ekimena hastea onartu du Bergarako udalbatzak aho batez

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 28a

Txalo artean ospatu zuten angiozartarrek Angiozar Toki Erakunde Txikia eratzeko Udalaren ekimena abiatzearen onarpena. Atzo egin zuten apirileko osoko bilkuran, aho batez onartuta, lan ildo bat zabaldu dute Bergarako udalbatzak eta angiozartarrek Angiozarren ibilbide berrian.

Batzorde sustatzaile berezia osatuko dute Bergarako alkate Gorka Artolak, Angiozarko alkate Mila Elortzak, udalbatzako alderdi politikoetako ordezkariek eta angiozartarrak ordezkatuko dituzten hainbat herritarrek. "Egun handitzat" deskribatu du Mila Elortzak atzoko eguna: "Azkenean, norbait izatea da guretzat. Orain arte, beti ibili behar izan gara aurkezterako orduan Bergara bezala, eta orain, entitate txiki bat gara. Angiozarrek bere burua edonon aurkeztu dezake. Bidea zabaltzen digu dirulaguntzetara aurkezteko batik bat. Guk edukiko genuke beste ildo bat, Bergarako udaletxeak berea eta guk gurea".

Epeei dagokionez zihoen, haien ametsa dela datorren urtean, 100 urte Angiozar Elgetatik Bergara izatera pasatu zen urtean, ospatzeko "zerbait handia" izatea: "Hasiera ematea 100 urte horiei beste era batera". Elortzak angiozartar guztiei eskerrak eman zizkien, angiozartarrek emandako erantzunak lanean jarraitzeko "bultzada polita" ematen baitiete.

Alderdiak ere gustura

Udalbatzako hiru alderdi politikoak ere gustura agertu ziren onarpenarekin, eta datozen hilabeteetako ibilbidean jarri zuten azpimarra. EH Bilduko bozeramaile Maite Usabiagak adierazi zuen, Angiozarrek aukera duela eskumen batzuk eta baliabide batzuk lortzeko, "haien tokiko kudeaketa hori hobeto egiteko eta baliabide horiek haien auzoko beharretara hobeto egokitzeko". Gaineratu zuen lehenengo lana dela erabaki organoa eratzea, eta eskumenak bertan adosteko, "betiere, Bergarako parte izaten laga barik".

Jeltzaleendako ere albiste "ona eta pozgarria" izan zen, eta PSE-EEko Alberto Alonsok ere nabarmendu zuen oraindik bidea egitea falta bada ere, kalitate demokratikoa hobetzea dela helburua: "Kudeaketa eta erabakiak auzoetara eramatea, ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko, parte-hartzea zabaltzea eta hori da erabakirik egokiena halako taldeendako".

Plan ekonomikoa eztabaidagai

Plan ekonomikoa ere onartu zuen udalbatzak, baina EH Bilduren eta EAJren artean eztabaida sortu zuen. EH Bilduk adierazi zuen lau urteko legegintzaldi plana egin zutenean, inbertsio handiak aurreikusten zituztela eta bazekitela mailegua eskatu beharko zutela eta hala egin zutela 2025ean. "Mailegu hori eskatzeak suposatzen zue  zorpetze batera ailegatzea eta aurreikusten genuen 2025eko foru araua ez betetzea. Horrek aldundiaren partetik eskatzen zigun plan ekonomiko finantzario bat egitea 2026rako eta hori da aurkeztu duguna pleno honetan. Aldundiarekin batera egindako plana da. Uste dugu ondo neurtutako plana dela eta emango digula 2026ko foru araua betetzera eta hurrengo bi urteetan egonkortasun finantzario bat lortzea, eta beraz, lau urtetarako planifikatuta genituen inbertsio eta obra handi horiek egin ahal izatea", azpimarratu zuen Maite Usabiagak.

Jeltzaleek nabarmendu zuten azken zazpi urteetan EH Bilduk ez dituela HAPOa edota Mugikortasun Plana egin, eta aparkaleku publikoen gaia ere atera zuten. Gainera, Martokoako berrurbanizatze lanak atzeratuko zirela adierazi zuten. "Gogoratu behar dugu EH Bilduk zekarrela bere programan legegintzaldi honetan egingo zuela HAPOa. Ez hasiko zuela, ez lizitatuko zuela, baizik eta egingo zuela. Urtebete geratzen da legegintzaldia amaitzeko, eta oraindik lizitazio prozesuan dago; hasi berri", esan zuen EAJko bozeramaile Kepa Sebalek osoko bilkura ostean.

Martokoako lanei dagokienez, Usabiagak gaineratu zuen obra prezio berrikusketa batean dagoela, eta laster emango dituztela xehetasun gehiago. Hala ere, udal gobernuaren helburuen barruan sartzen dela, eta Udalak izango duela gaitasuna lan horiek egiteko: "Noiz hasiko den ezin dugu aurreikusi momentuz, baina bai 2027 baino lehen hasiko direla".

Alderdi sozialistak aurrekontuen onarpenean esan zuen bezala, erne jarraituko duela berretsi du: "Aurrekontuak onartu genituen osoko bilkuran, esan genuen erne egongo ginela. Denbora bat emango diegu, eta horregatik abstenitu gara. Badakigu udalaren egoera ekonomikoa zein den, eta denbora eman behar zaio. Gero izango dugu politika baloratzeko aukera urtean zehar, eta serioago posizionatzeko".

Mikel Leteren agurra

Bestalde, EAJko Mikel Letek zinegotzi kargua utzi zuen. Bertan izan ziren, familiako kideak eta Debagoieneko EAJko ordezkariak ere. Esker hitzak izan zituen alderdikideendako, EAJko zinegotziendako nahiz udalbatza osoarendako. Orain, bere tokia Esther Ortiz de Zaratek hartuko du.

Debagoieneko EAJko ordezkariak Mikel Leteren agurrean. (Argazkia: I.A.A.).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak