Nabarmendu du erabakia "hausnartua eta arduraz hartua" izan dela: "Denbora honetan zehar, nire onena ematen saiatu naiz, beti ere bergararren ongizatea helburu hartuta eta gure herria hobetzen laguntzeko konpromisoarekin". Eskerrak eman dizkie beragan konfidantza jarri duten guztiei: "Era berean, eskerrik beroenak nire udal taldeko kideei, elkarrekin egindako lanagatik, hartutako erabakiengatik eta partekatutako uneengatik; esperientzia aberasgarria izan da maila pertsonalean zein politikoan".
Gehitu du, aldaketa "ilusioz eta lasaitasunez" hartzen duela "jakinda proiektua esku onetan geratzen dela, Bergararen alde arduraz lanean jarraituko duen talde prestatu eta konprometitu batekin", eta hartutako erabakiak bere bizitza pertsonalean "etapa berri bati hasiera" emateko aukera emango diola: "Nire aldetik, EAJren balio eta proiektuarekiko lotura eta konpromisoa mantenduko ditut, aurrerantzean dagokidan lekutik laguntzen jarraituz. Eskerrik asko, bihotzez".
Halaber, Bergarako EAJk adierazi du, Letek kargua utzi arren, kide den beste lan-mahai batzuetara joaten jarraituko duela legealdia bukatu arte. Hala, Mikel Leteren ordez, Esther Ortiz de Zaratek (beheko argazkian) hartuko du zinegotzi kargua, EAJk 2023ko udal hauteskundeetarako aurkeztutako zerrendako hurrengoak.
