ALBISTEAK

"Lan baldintza duinen alde" lan uzteak deitu dituzte IAT zentroko langileek

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko uztailaren 3a

Enpresa hitzarmena berritzeko sei bileren ondoren "negoziazioak blokeatuta" daudela salatu dute, eta inguruko ITVetako langileekin alderatuta, "soldatetan, lan-orduetan eta gainerako lan-baldintzetan dauden aldeak murriztea" eskatu dute. Uztailaren 13tik aurrera greba mugagabea deitu dute ELA eta LABek. 

Itasua Ibilgailuen Azterketa Teknikoko Bergarako eta Zarauzko lan-zentroek greba egin zuten astelehenean, eta hilaren 8an eta 10ean ere egingo dute. Ondoren, enpresaren erantzunik jaso ezean, ELAk eta LABek greba mugagabera deitu dute uztailaren 13tik aurrera. 
 
Gatazkaren jatorria lan-hitzarmena berritzeko negoziazioetan dago. Enpresako hiru urteko ituna urte hasieran amaitu zen, eta apirilean hasi ziren zuzendaritzaren eta langileen arteko bilerak. Sei bileraren ondoren, ordea, langileen esanetan negoziazioa "erabat blokeatuta" dago eta ez da "benetako aurrerapausorik eman" lan-baldintzak hobetzeko. 
 
Langileen ordezkari Itziar Muruaren, Eneko Castañoren, Rober Gomezen eta Julen Mengibarren arabera, hasierako proposamenetan zuzendaritzak soldatak izoztea planteatu zuen, eta, gerora eskaintza zertxobait hobetu badu ere, "aurrera egin beharrean atzera" ari direla sentitzen dute. Langileek diote enpresak egoera ekonomikoa aipatu duela proposamenak justifikatzeko: "Enpresak dio plantilla %6 handitu dela, baina produktibitatea %2 baino ez dela igo". –GOIENAk galdetu dio enpresari, baina ez du erantzunik jaso–.
 

Enpresaren azken proposamena

Langileek diotenez, mahai gainean dagoen azken eskaintzak aurten hamabi lanordu eta datorren urtean beste sei murriztea jasotzen du. Soldatei dagokienez, %1eko igoera eta hurrengo urteetan KPIaren araberako eguneratzea proposatu du enpresak. Gaur egun, bajan daudenean soldataren %100 jasotzen dute, eta eskubide hori baldintzatu egin nahi du enpresak. Gainera, urte amaierako bonuen sistema "gogortu" egin nahi du. Orain arte absentismoarekin lotutako zati aldakorra mugatua bazegoen ere, azken proposamenaren arabera, hirugarren bajatik aurrera eguneko 50 euro kenduko lizkiekete, eta hamar eguneko baja batek bonua osorik galtzea ekar lezake.
 
Langileek salatu dute Gipuzkoako beste Ibilgailuen Azterketa Teknikoko zentro batzuetako baldintzak "nabarmen" hobeak direla haienekin alderatuta: "Urtean 133 lanordu gutxiago egiten dituzte". Era berean, urtean "milaka euro gehiago" kobratzen dituztela nabarmendu du Castañok. Alde horren arrazoia hitzarmen motan dagoela azaldu dute. Beste zentroek sektoreko hitzarmena dute indarrean; Bergaran eta Zarautzen, aldiz, enpresa-itun bidez arautzen dira.
 

Langileen eskaera zehatza

"Oraingoz, ez ditugu beste zentroetako baldintza berak eskatzen", dio Castañok; eskaera argia da: 70 ordu gutxiago lan egitea –bost zapatu gutxiago eta bost jaiegun gehiago izanda– eta soldatak igotzea. Hasiberrien ordainsarian tarte bat kentzea eskatzen dute, lehen urtean %85 kobratzen hasita. Antzinatasunean bi hirurteko gehiago eskatzen dituzte, gaur egungo sisteman 29 urteko antzinatasunarekin osagarriaren gehieneko muga lortzen baita. Zuzendaritzak hainbat formula proposatu baditu ere, puntu hori ere kanpoan geratu dela salatu dute.
Langileek 70 lanordu gutxiago egitea eta soldata igotzea eskatzen dute, besteak beste
 

Greba mugagabearen atarian

Asteleheneko grebak jarraipen handia izan zuen Bergaran: lanera joateko aukera zuten 30 langile ingurutik 23k greba egin zuten. Muruak eta Castañok diote uztailaren 8ko eta 10eko mobilizazioetan jarraipena are handiagoa izango dela, "beste hainbat langile grebara batuko direlako". Muruak argitu du lehen greba egunaren ondoren ez dutela zuzendaritzaren "inolako erantzunik jaso"; espero dute datorren astean jasotzea. Batzarra egingo dute, hurrengo urratsak eta negoziazioaren gutxieneko baldintzak zehazteko eta aitortu dute, greba mugagabeak aurrera eginez gero, balitekeela aldarrikapenak berrikustea eta Gipuzkoako gainerako IAT zentroetako baldintzekin erabat parekatzea eskatzea.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak