Egino Mallea plazan, Irizar eta Irala batzen diren puntuan, Ariznoa plazan eta Arruriaga kalean jarri dituzte kamerak, eta sistema horrekin lortu gura dutena da alde zaharrean oinezkoentzako espazioa irabazten joatea, nahiz eta orain arte ere kontrolatuta egon izan diren gune horiek, pibote hidraulikoen bidez. "Baina matxura asko izaten zituzten, eta mantentzean geroz eta arazo gehiago sortzen zirela, oso garestia izateaz gain", azaldu du Azkargortak.
Zirkulazioan ere izango du eragina sistemak. Barrenkalea eta Bidekurutzeta artean, adibidez, 07:00etatik 13:00etara, bizilagun, banatzaile eta bestelako zirkulatzeko aukera izango dute. "Ondoren, dena den, aldaketa nabarmen bat etorriko da. Hau da, plazako obrak bukatu ostean, plazan aparkatzea debekatuta egongo da eta Barrenkalea zirkulaziorako bakarrik izango da", dio Azkargortak. Artekaleren kasuan, berriz, zirkulazioa baimenduta egongo da 09:00etatik 14:00etara.
Alde zaharrean bizi direnek edota garajea edo lokala dutenek eskatu dezakete baimena. Era berean, baldintza horiek betetzen ez dituzten eskaerak banan-banan aztertuko dituztela jakinarazi dute, eta egoera aztertu ondoren hartuko dute erabakia. "Baimenak eskatzeko eperik ez dago; azken batean, mugimenduak izaten direlako erabiltzaileen artean; alde horretatik, jendea lasai egon dadila".
Trafiko ordenantzak jasotzen du arau-hauste larria dela baimenik gabe oinezkoen guneetan sartzea debekatutako ordutegian. "Edozelan ere, irailera arte proba-fase batean egongo gara, herritarrak ohitzen joan daitezen sistema berrira. Irailetik aurrera, ordenantzan jasotakoa aplikatzen hasiko gara", azpimarratu du Hirigintza zinegotziak.
Iralan kamera jartzea aztertzen
Oinezkoek lehentasuna duten hainbat gune izendatuta ditu Udalak eta, etorkizunera begira, aztertzen ari da sistema gune horietara zabaltzea. Hala, Irala kalea da lehentasunetako bat bigarren fase horretarako.