Otsaileko ohiko osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak, aho batez, trafiko ordenantzan aldaketak txertatzea, eta puntuetako bat zen herriko hainbat kaletan ibilgailuen sartu-irtena kontrolatzeko matrikula-irakurgailuak jartzea. Gaur, eguena, dira instalazioak egiten hastekoak, eta astelehenetik aurrera egongo dira martxan. Lau kamera jarriko dituzte: Egino Mallea plazan, Barrenkalerako sarrera kontrolatzeko; Irizar eta Irala batzen diren puntuan, Barrenkalerako sarrera kontrolatzeko; Ariznoa plazan, Artekalerako sarrera kontrolatzeko; eta Arruriaga kalean, Artekaleko irteera kontrolatu eta kontrako noranzkoan sartzen direnak kontrolatzeko. 15.000 euroko inbertsioa egin du Udalak, eta aurreratu du baloratzen ari dela "izaera bera duten eremuetan" sistema berbera ezartzea.
Orain arte, sarbide horiek pibote hidraulikoen bitartez kontrolatzen ziren, baina Udalak adierazi du matxura asko izaten zituztela, eta mantentzean geroz eta arazo gehiago sortzen zirela, "oso garestia" izateaz gain.
Ordutegia, araututa
Matrikula-irakurgailuak dauden zenbait ordu-tartetan zirkulazioa baimenduta egongo da. Barrenkalea eta Bidekurutzeta artean, adibidez, 07:00etatik 13:00etara bizilagun, banatzaile eta bestelakoek zamalanak egin ahal izango dituzte: "Aldaketa da plazan aparkaleku erabilera onartuko ez dela, eta salbuespenak izango dira BAZera edo Udaltzaingora joan behar duten mugikortasun arazodun baimenduak egongo direla". Artekaleren kasuan, berriz, zirkulazioa baimenduta egongo da 09:00etatik 14:00etara.
Udalak azaldu du ordu horietaz kanpo matrikula-irakurgailu sisteman baimendutako ibilgailuen ezohiko erabilerak soilik emango direla, hala nola emergentziak, banaketa bereziak edota behar bereziak dituzten bizilagunak.
Baimen eskaerak
Alde zaharrean bizi direnek edota garajea edo lokala dutenek eskatu dezakete baimena. Era berean, baldintza horiek betetzen ez dituzten eskaerak banan-banan aztertuko dituztela jakinarazi dute, eta egoera aztertu ondoren hartuko dute erabakia.
Piboteen sistemako aginteak dituztenek eskaera egin beharko dute, erregistro elektronikotik edo BAZen, ibilgailu bakoitzaren datuak jasotzeko. Hala ere, eskaera puntualagoetarako bestelako sistema bat jartzea aurreikusten dute.
Isunak, irailaren 16tik aurrera
Trafiko ordenantzak jasotzen du arau-hauste larria dela baimenik gabe oinezkoen guneetan sartzea debekatutako ordutegian. Adierazi dute irailaren 16ra arte ustezko arau-haustea egiten dutenek ohartarazpenak jasoko dituztela, eta data horretatik aurrera isunak jartzen hasiko direla.
Nabarmendu dute matrikula-irakurgailuek jasotako datuen erabilera "zorrotz" arautuko dela; Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra eta 3/2018 Lege Organikoa betetzen dela: "Irakurgailuek ez dute herritarren pribatutasuna apurtzen".
Patinete elektrikoen erabilera
Ordenantza berriak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen (patinete elektrikoak barne) erabilera ere arautzen du. Aurrerantzean, bidegorritik edo galtzadatik soilik zirkulatu ahal izango dute, eta ez dira salbuetsita egongo Trafiko Araudi Orokorraren betebeharretatik. Udalak jakinarazi du neurri honen bidez, herriko mugikortasuna ordenatu eta segurtasuna indartu nahi dela, oinezkoen eta erabiltzaileen arteko elkarbizitza bermatzeko.
Halaber, ordenantzak mugatu egiten du 3. kategoriako ibilgailuak –karabanak, atoiak eta erdiatoiak– bizitegi eremu urbanoan aparkatzea. Udalak azaldu du, ibilgailu horiek espazio handia okupatzen dutela eta hemendik aurrera, debekua ez duten guneetan bakarrik aparkatu ahal izango direla.
TAO, 'Arinpark' aplikazioaren bidez

Erabilgarri dago TAO eremuetan aparkatzea baimentzen duen Arinpark aplikazioa. Horri esker, erabiltzaileek makinara hurbildu gabe jarri dezakete ziurtagiria; paper fisikoa inprimatu gabe. Makinen alde batean daude aplikazioa deskargatzeko azalpenak