Euskaraz geu gara hitzaldia egin du Olanok, eta azpimarratu du erakundeen eta euskalgintza sozialaren eskutik etorri behar dela euskararen biziberritzea. Hizpide izan ditu Eusko Legebiltzarrean lantzen ari diren Euskal Enplegu Publikoaren Legearen aldaketa-proposamenak. Eusko Alderdi Jeltzalearen zuzenketek aurrera egin dute EH Bilduren abstentzioa medio, eta ekainaren 25eko osoko bilkuran dira azken bultzada ematekoak.
Horrek euskararen aurkako oldarraldi judizialei erantzuteko balioko duela adierazi du. "Badago euskararen aldeko konpromisoa, baita adostasuna aurkitzeko ahalegin handi bat ere. Oraindik ez dugu lortu, baina azken egunotan egin beharko dugu esfortzu hori. Iruditzen zait akordio hori iristen bada, euskararentzat berri ona izango litzatekeela".
Administrazioaren euskalduntze prozesuan azken 30 urteetan "aurrerapauso handiak" eman direla iritzita, horretan jarraitzea gakoa izango dela azpimarratu du. "Oinarrian, administrazio publikoak funtzio inportantea dauka euskararen biziberritze prozesuan. Arnasgune bat da zonalde erdaldunetan, euskaraz aritzeko aukera ematen baitu. Horrez gain, euskararen biziberritze prozesuaren lidergoa euskalgintza sozialarekin batera eramateko ardura dauka administrazioak. Lidergo hori eramateko, norbera euskaldundu behar da lehenengo, eta hor daukagu erronka".
Euskara hizkuntza jasoa izateko urteetako lana arrakastatsua izan zela ere gogoratu du Olanok. Erronka, orain, pizkunde berri bati hasiera ematea da, datuek argi erakusten dutelako kale-erabilera handitzean jarri behar dela fokua.
Euskaltzaleon Martxa Iruñean
Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, sektore, adin eta ikuspegi askotako pertsonek egin zuten bat Euskaltzaleon Martxan ekainaren 13an. Euskarari etorkizuna emateko herri gogoa bizirik eta indartsu dagoela ikusteko balio izan zuen egunak. Gazte Euskaltzaleen Sareak egindako ekarpena aipagarria iruditu zaie antolatzaileei, "euskararen aldeko borrokaren lekukoa" hartzeko prestutasuna erakutsi zutelako. Kontseiluak helburu nagusi bat du esku artean, 2036 urterako 300.000 euskaldun gehiago lortzea eta %20ko erabilera langa gainditzea.