Egun osoko egitaraua izan zuen atzoko Euskaltzaleon Martxak, eta arratsaldean egin zuten manifestazio erraldoia. Hiru zutabetan banatuta, Euskaraz bizitzeko behar den dena hartu zituzten Iruñeko kaleak euskaltzaleen eta zutabe bakoitzaren hasieran botatako pregoietan ofizialtasun faltaren ondorio gordinak erakutsi, Jauziaren edukaik zehaztu eta euskaltzaleak egunerokoan antolatzera deitu zituzten. Runako Parketik, Antoniuttitik eta Askatasun enparantzatik abiatu ziren hiru mobilizazioak eta Gazteluko plazan egin zuten bat, ekitaldi nagusirako.
Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek hartu zuen hitza eta eskerrak eman zizkieten "euskararen lurralde osotik" etorritako guztiei. Azpimarratu zuen, larrialdi linguistikoan jarraitzen dutela euskarak eta euskal hiztun komunitateak: "Urteak daramatzagu Euskaraz bizi nahi dut aldarrikatzen. Norberaren ekimenez euskaraz bizitzeko eguneroko ahalegin nekezean tematuta. Baina ez da aski. Dudarik gabe, azken hamarkadak aurrerapen hamarkadak izan dira euskararentzat. Baina ez da aski. Zoritxarrez, datu eta joera soziolinguistikoek, proiekzioek, prozesu hori asko moteldu dela erakusten dute; are, etena gertatzeko eta atzera egiteko arriskua handia dela".
Aldaketa sakona euskararen normalizaziorako
Azaldu zuen, egiturazko arazoa dela euskararena, eta horregatik, euskararen normalizazio eta biziberritzeak eskatzen duela botere harremanen aldaketa sakona: "Horregatik eskatzen dugu euskaraz bizitzeko behar den dena. Norberaren ahalegin tematiaz gaindi, euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea. Eskubideen aitortze formaletik haragoko baldintza errealak: politikoak, sozialak, kulturalak, materialak... Ekosistema oso bat behar du euskarak; unibertso bat eratu behar dugu euskararentzat". Horri gehituta, hiru dira euskarak behar duen hori dena eraikitzen hasteko oinarriak: jauzi bat hizkuntza politiketak, ofizialtasun osoa Euskal Herri guztian eta euskaltzaletasun kokatu, antolatu eta indartsu bat. Kontseiluak dio euskarak behar duen erronka 2036rako 300.000 euskaldun gehiago izatea dela, egungo euskalduntze-erritmoa bikoiztea.
Eskisabelek "euskaltzaletasun kokatua eta antolatuta" ere aldarrikatu zuen: "Egunerokotasunean euskaltzale jokatzeko konplizitateak bilatu eta saretuko dituen milaka herritarren sarea: etxean, auzoan, herrian, ikastetxeetan, lantokietan, euskalgintzako erakundeetan, kirol eta astialdi taldeetan, euskarazko kultur ekosistema lehenetsi eta elikatuko duena... Jabetu, ahaldundu eta antolatu gaitezen euskarari beste Pizkunde bat emateko".
Gazte euskaltzaleak, Urepeletik Iruñera
Euskaltzaleon Martxa baino bi egun lehenago, Gazte euskaltzaleen sarea Urepeletik abiatu zen atzo Iruñean bat egiteko, sareko kide Xalbat Altzugaraik eta Haize Lekuonak adierazi zuten ekimena saretzeko, aliantzak egiteko eta euskararen aldeko borrokarik ekiten jarraitzeko egin zutela: "Hizkuntza eskubidea, eskubidea da, eta horren kontra egiten dutenen helburua gure hizkuntza, kultura eta herria, finean, gure izatea ukatzea eta itotzea da. Martxan bildu garen gazteok argi dugu: euskaldunak gara, gazte euskaltzaleak eta euskararen aldeko borrokaren lekukoa hartu dugu jada".
Nabarmendu zuten gazteak giltzarri direla Pizkundean, eta espero dute hiru egunetan egindako ibilbidea pizgarri izatea auzo eta herrietan euskararen alde antolatzeko eta ekarpena egiteko euskararen herria sortzeko borrokari.
Hurrengo hitzorduak
Gaztelu plazako ekitaldian, Idurre Eskisabelek gogora ekarri zituen datozen hilabeteetako hitzorduak. Azaroaren 21ean, Ipar Euskal Herrian euskara ofiziala izan dadin eskatzeko manifestazioa egingo dute Baionan, Euskal Konfederazioak deituta. Abenduaren 19an, berriz, Nafarroan zonifikazioa ezarri zuen legeak 40 urte betetzen dituenean, desberdinkeria horrekin amaitu eta euskara ofiziala Nafarroa osoan izan dadila eskatzeko mobilizazio handi baterako deia egin du Euskalgintzaren Kontseiluak.
