Kutxa Fundazioak antolatutako Jakinguraren Jaialdiaren bigarren saioa egin dute egubakoitzean, Bergarako Laboratorium museoaren kanpoaldean. Jakingura ez dela bakarrik jakiteko gogoa izan da saioaren planteamendua, abiapuntua, baizik ezagutza sortzeko, osatzeko, ezagutzen dena zalantzan jartzeko zein loturak egiteko ere badela. Lau lagunen arteko solasaldia izan da, Mikel Rotaetxe kazetariak gidatuta, eta bakoitzak bere esperientziatik egin du berba: Oihana Aranak literaturatik eta bertsolaritzatik, Ana Galarragak zientziatik, Mikel Mujikak musikatik eta Maddi Iñarrak hezkuntzatik eta komunikaziotik.
Iñarrak eta Aranak, biek aipatu dute gauzak galdetu edo kontrastatu ezean, errazagoa dela boteretsuen korronte beran sartzea.
Besteena entzun, galderak egin eta norberaren galbahetik pasata garatzen du bakoitzak bere iritzia, baina jakin-minari ezagutza gehitzeko denbora hartu behar dela adierazi dute eta garrantzitsua iruditzen zaie solasaldiak, edo elkartzeak, izan lagunekin edo jendea aurrean, gauza ohikoa izateaz gain eraginkorrena ere badela hausnartzera eramateko, baita erresistentzia egiteko modu bat ere egun bizi dugun garai azkar eta indibidualistan. Ikuspuntua zabaltzen du beste pertsona batzuekin elkartzeak eta berba egiteak.
Ikusmina sortu du
Bergarako Laboratorium museo osteko eraikinean izan da solasaldia, garai batean zalditegia izandako espazioan. Aurrez jarrita zeuden baino aulki gehiago atera behar izan dituzte saioa hasterako, gaiak erakarrita joan diren herritarrak eroso jarrai dezaten. Ondoan, Elikaeneako produktuekin egindako mokadutxoak jarri dituzte jateko, eta edatekoa ere egon da. Solasaldia hasi aurretik egin ditu soinu probak Amorantek amaieran emanaldia egiteko.