Kutxa Fundazioak antolatutako Jakinguriaren Jaialdiaren bigarren saioa egin dute egubakoitzean Bergarako Laboratorium museoaren kanpoaldean. Jakinguria ez dela bakarrik jakiteko gogoa izan da saioaren planteamendua, abiapuntua, baizik ezagutza sortzeko, osatzeko, ezagutzen dena zalantzan jartzeko zein loturak egiteko ere badela. Lau lagunen arteko solasaldia izan da, Mikel Rotaetxe kazetariak gidatuta, eta bakoitzak bere esperientziatik egin du berba: Oihana Aranak literaturatik eta bertsolaritzatik, Ana Galarragak zientziatik, Mikel Mujikak musikatik eta Maddi Iñarrak hezkuntzatik eta komunikaziotik.

Laboratorium osteko eraikinean izan da solasaldia, garai batean zalditegia izandako espazioan. Aurrez jarrita zeuden baino aulki gehiago atera behar izan dituzte saioa hasterako, gaiak erakarrita joan diren herritarrak eroso jarrai dezaten. Ondoan, Elikaeneako produktuekin egindako mokadutxoak jarri dituzte jateko, eta edatekoa ere egon da. Amorantek solasaldia hasi aurretik egin ditu soinu probak amaieran emanaldia egiteko.

Horrelako hiru saio antolatu ditu Kutxa Fundazioak. Beasainen egin zuten lehenengoa joan den astean, Bergarako hau izan da bigarrena eta hirugarrena hilaren 19an egingo dute Donostiako Tabakaleran.