ALBISTEAK

Valen Moñux: "Jende gaztearekin egiteko musikal egokia zela pentsatu genuen eta oso pozik gaude emaitzarekin"

Olaia Milikua 2026ko ekainaren 9a

Bergarako Antzerki Musikala taldeko eta Bergarako Musika Eskolako kideek Erraldoi berekoia musikala estreinatu zuten domekan, Seminarixoan. Aktore eta abeslari oso gazteak nagusi diren obrak ikusmin handia piztu zuen.

Taldean esperientziadun aktore bakarra izan zen: erraldoiaren papera antzeztu zuen Raul Casales. Gainerako parte-hartzaileak kantu ikasleak eta hasiberrien nahiz haurren abesbatzetako kideak izan ziren. Guztira, 67 lagunek hartu zuten parte ikuskizunean: zazpi kantu ikaslek interpretatu zituzten paper nagusiak eta 55 haurrek osatu zuten abesbatza. Emanaldian, gainera, pianista batek, kontrabaxu-jotzaile batek eta perkusionista batek ere parte hartu zuten.

Ipuin klasiko baten egokitzapena

Izenburuak adierazten duen bezala, Oscar Wilde poeta, idazle eta antzerkigilearen Erraldoi berekoia ipuina da musikalaren abiapuntua. XIX. mendearen amaieran idatzitako lan horretan oinarritu zen Iñigo Casali musikari eta egile iruñarra, izen bereko musikala sortzeko. Casalik idatzitako libretoa eta musika hartu dituzte oinarri Bergarako ekoizpena egiteko, eta lanari euskarazko bertsioa eman diote. 

Ibilbide oparoa elkarlanean

Azken urteotan hainbat ekoizpen eszeniko aurrera eraman dituzte elkarlanean Casalik eta Bergarako Antzerki Musikala taldeak, Hamelingo txirularia eta Bretxa adibidez. Eta proiektu bakoitzean dozenaka haur, gazte eta heldu batu dituzte oholtza gainean. Musikaren, antzerkiaren eta kantuaren arteko uztarketa bihurtu da euren ezaugarri nagusietako bat, eta horri esker tokiko kultur eskaintza aberasteaz gain, parte-hartzaileei prestakuntza eta esperientzia eszenikoa eskaintzen diete. Erraldoi berekoia musikalarekin, bide horretan beste urrats bat eman dute, kalitatezko ikuskizuna eta balioetan hezteko mezua uztartuz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak