'Erraldoi berekoia' antzezlan musikatuak txalo zaparradak jaso ditu

Hasier Larrea 2026ko ekainaren 7a

Estreinaldi bikoitza egin dute gaur, Seminarixoan, Bergarako Antzerki Musikala taldeko eta Bergarako Musika Eskolako kideek. Aktore eta abeslari oso gazteak nagusi diren obrak ikusmin handia piztu du. Hilabete askotako lanak publikoaren berotasunaren saria jaso du funtzioa bukatzearekin bat. 

70 lagun baino gehiagok osatzen dute Erraldoi berekoia antzezlana, eta egitekorik zailenetakoa, hain justu, halako talde handi eta gaztea koordinatzea izan da. Baina BAM eta BMEko kideak ohituta daude halako saltsatan ibiltzera, Hamenlingo Txirularia eta Bretxa obra musikatuekin erakutsi duten moduan. 

Sei hilabeteotako erronka haur gazteak behar bezala zuzentzea izan da, baina ondo baino hobeto gainditu dute proba hori. Interpretazio txukunak egin dituzte bai oholtza gaineko protagonistek eta baita orkestrako musikariek ere. Esperientziadun aktore bakarra izan du taldeak: erraldoiaren papera egin duen Raul Casales. Beste guztiak kantu ikasleak eta hasiberrien zein haurren abesbatzako kideak dira. Estreinaldi egunean, gainera, bi funtzio egin dituzte jarraian, aktoreak beraien artean txandakatuta.

Lehenengo pasea bukatu berritan, irribarre bat marraztu zaio ahoan Valen Moñux eszena zuzendariari. Gaur ikusitakoa taldeak daukan osasun onaren adierazle dela esan du, "talentu handiko jende gazte eta langilearen ahaleginari esker lortutakoa". 

Oscar Wildek sortutako Erraldoi berekoia lanarekin, bullying-aren gaia azaleratu dute. Honela azaldu du Alaia Otaegi aktoreak: "Hasieran, erraldoiak gurekin jolastu nahi du, eta guk ezetz esaten diogu. Baina bukaeran denok bihurtzen gara lagunak". Okerretik hobera doan antzezlan horrek bukaeran izan du klimaxa, publikoaren txalo zaparradarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak