ALBISTEAK

Pentekosteetarako prestatzen ari dira Bergaran

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 20a

Egubakoitzean hasiko dira Pentekosteak eta prestaketa lanak hasita daude. Jai-gunea izango den Oxirondon hasi dituzte muntaketa lanak. Egubakoitzean bertan Santa Marinako erlojuak iluntzeko zortziak jotzen dituenean jaitsiko da Bitorianatxo kanpandorretik oholtza nagusira. Pregoia botatzea Lokatza Ziklismo Eskolaren ardura izango da.

50 urte bete ditu Lokatzak, eta elkarteko presidente Ion Unamuno izango da pregoia botako duena taldearen izenean. "Sorpresaz" hartu zuten berria, baina une oso polita izaten dela aitortu du, eta pozgarria da berarentzat jaiei hasiera ematea. Dena den, urduritasuna nabari du: "Pregoia berridatzi dut ez dakit zenbat aldiz. Oraindik berridatziko dut eta une horretan, egubakoitzean, zortzietan, hau jendez beteta dagoenean, jende ezagun asko ikusten duzunean aurrean, ea ondo ateratzen den".

Alabaina, "ez da erraza" izan pregoia prestatzea, behin baino gehiagotan berridatzi du. Dinamikoa izan behar duela dio, bergararrak Pentekosteetarako gogoarekin egongo delako. Nahi duena da 50 urte hauetan jendeak Lokatzan izan duen garrantzia kontatzea. "Nahasketa aitortza moduan, baina zerbait azkarra. Jaiak hasteko denbora gutxiko pregoia izatea", dio.

Bergararrei zuzendutako mezua ere bidali du: "Herritarrek ondo pasatu dezatela. Jaiak dira eta ondo pasatu behar da. Ekintza asko daude. Badago jende pila egiten duena lan borondatez denok aukera ezberdinak izateko ondo pasatzeko; bai egunez, baita gauez ere".

Xaxau jaietarako gogotsu

Xaxau jai herrikoien konpartsaren egitarauak ohiko egitaraua antolatu du, baina aurtengoan iruditegi berria izango dute. Ekintzen artean, berriz, Egin kantu izenarekin aurkeztu dute gaueko karaokea. "Oso pozik" daude Oxirondoko jaigunearekin: "Espazio handia da, jendearendako erosoagoa eta duela urte batzuk han egin genituenean jaiak oso gustura geratu ginen. Gainera, aurten, lehendabiziko aldiz Bitorianatxo txosnetatik ikusi ahal izango dugu".

Halaber, Xaxautik gaineratu dute erasoen aurkako protokolo propioa izango dutela: "Aspaldi saiatu ginen gure protokoloa garatzen protokolo lan-taldetik. Hala ere orain arte ez da aukerarik egon, orokorrean, konpartsan jende oso gutxi garelako eta ez genuelako aukera eta indarri denera iristeko. Aurten, lantalde bat osatu dugu protokoloa sortzeko eta horretan jarri dugu indarra".

BMS: Munibe plazan

Bergarako Mugimendu Sozialistak ezin izango du txosna plazan jarri, eta azken egunetan salatu dute Udalak ez diela "inolako aukerarik eman" txosna Oxirondoko jaigunean jartzeko, eta ukatu egin diela Munibe Plazan jartzea. Dena den, adierazi dute "baimenik izan gabe ere" Muniben kokatuko dutela txosna. Eguen arratsalderako deialdia egin dute txosna muntatzeko. Ostean, elkarretaratzea eta Ktarsiaren kontzertua iragarri dituzte.

Egitaraua ere aurkeztu dute, eta besteak beste, Inguma, Komerik erromeria, Antton Telleria eta Asier Kren eskutik Hondamendia umore ikuskizuna, eta bertso-saioa antolatu dituzte Aroa Arrizubieta, Andoni Egaña, Elixabet Etxandi eta Julio Sotorekin.

Musika ekitaldiak Oxirondon

Plazeko lanengatik, Oxirondoko jaigunean kokatuko dira Udalaren oholtza nagusia eta Xaxauren txosnagunea nahiz eszenatokia. Eszenatoki horietatik pasako dira, besteak beste, Brigade Loco, Neomak, Kiliki, No Limits edota Anje Duhalde. Hala ere, plazan egin izan ohi diren beste ekintzak Espoloian eta Ariznoa plazan ere egingo dituzte. Gainera, Bitorianatxok egingo duen ibilbidea egin ahal izango dute 90 herritarrek ere martitzenean. Arrakasta handia izan duen ekintza izan da 200 lagun baino gehiagok eman dutelako izena.

Haurrei zuzendutako ekintzak

Pentekosteak prestatzeko jai-batzordea urtarrilean hasi zen lanean, eta aurten Udala herriko haur eta gazteekin ere elkartu da egitarauko ekintzak haien nahietara egokitzeko. Martitzenean ospatuko da Haurren Eguna, baina iazko jaietatik aurtengora jaio diren bergararrei ongietorria zapatuan egingo diete. 90 jaioberrik jaso dute gonbidapena, baina Usabiagak nabarmendu du, herritik jaio diren zenbait bergararrek ere ekartzen dituztela haien seme-alabak ongietorrira.

Matxiategiko aparkalekuan jarriko dituzte ohiko feria-postuak. Barrakak egunero irekiko dituzte, 11:30ean, eta itxiera-ordutegiak aldatu egingo dira egunaren arabera. Bidaia bakoitzak 2,50 euro balioko du, baina bost bidaiko bonuak ere erosi ahal izango dira. Barraketan haurren eguna astelehen goizean eta eguaztenean egun osoan izango da, eta bidaiek 1,50 euro balioko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak