"Baimenik izan gabe ere", Muniben txosna jarriko duela iragarri du Mugimendu Sozialistak

Koldo Zubia Salas 2026ko maiatzaren 19a

Plazako txosna ondoko kontzertu bat 2023ko Pentekosteetan. (Argazkia: Mugimendu Sozialista).

Bergarako Mugimendu Sozialistatik (BMS) ostiralean adierazi zuten jaiak hasteko "10 egunen faltan", Muniben txosnak jartzeko Udalaren "ezezkoa" jaso zutela. Dena den, "baimenik izan gabe ere" eguenean txosna jarriko dutela iragarri dute, egun horretako egitaraua publiko egitearekin batera. 

Aste honetan hasiko dira Bergarako Pentekosteak, eta oraindik ez dago argi BMSk azken urteetan Herriko Plazan jarri izan duen txosnarekin zer gertatuko den. Herriko Plaza obretan dago, eta, BMSren nahia, "hasieratik" txosna Oxirondoko jai gunean jartzea bazen ere, Udalak aukera hori "ukatu" egin ziela adierazi zuten. Horren ostean, txosna Irala kalean eta Munibe plazan jartzeko saiakera egin dute, eta jaiak hasteko "10 egunen faltan" azken leku horretan jartzeko "ezezkoa" jaso zutela salatu zuten egubakoitzean: "Udalaren esanetan, Munibe plaza ez da txosna jartzeko eremu egokia arrazoi teknikoak direla eta".

Hala ere, "baimenik izan gabe ere" txosna jarriko dutela iragarri dute. Eguenean izango da hori, eta egitaraua prestatu dute "Debekua kendu, Bergarako txosnak danontzat" lelopean. 

Egueneko egitaraua

  • 16:30 Txosnaren muntaia
  • 19:00 Elkarretaratzea
  • Ostean, kontzertua

Pentekosteetako jai-egunetako egitaraua hemen ikusi daiteke. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak