Bergarako Mugimendu Sozialistak adierazi du Udalak ukatu egin diela txosna Munibe plazan jartzea

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko maiatzaren 15a

Bergarako hainbat herritar, txosnaguneko kartela eskuan dutela. (Argazkia: Bergarako Mugimendu Sozialista).

Maiatzaren 11n aurkeztu zuen Pentekosteetako egitaraua Bergarako Mugimendu Sozialistak (BMS) eta orduan aurreratu zuten txosna Munibe plazan jarriko zutela. Gaineratu dute, duela hilabete sartu zutela azken eskaera txosna Muniben jartzeko, eta "10 egunen faltan" jaso dutela ezezkoa eta ez diela alternatibarik proposatu.

BMSk azaldu du, haien nahia "hasieratik" zela txosna Oxirondoko jaigunean jartzea, "baina Udalak aukera hori ukatu digu". Gehitu dute, beste aukerarik ez diela proposatu Udalak, ezta baimenik eman herriko beste bi lekutan –Irala kalean eta Munibe plazan– txosna jartzeko: "Duela hilabete sartu genuen azken eskaera eta jaiak hasteko 10 egunen faltan jaso dugu ezezkoa".

"Udalaren esanetan, Munibe plaza ez da txosna jartzeko eremu egokia arrazoi teknikoak direla eta", diote Mugimendu Sozilistatik. Horren aurrean gaineratu dute San Martin Jaietan edo aurtengo Erramu-zapatuan txosna jartzeko eta jaietarako "espazio egokia" izan dela Munibe plaza: "Muniben txosna bat jartzeak plazako obretan ez du eraginik".

Salatu dute "EH Bilduk ez duela nahi Mugimendu Sozialistak txosnarik izatea. Interes publikoaren izenean, modu arbitrario batean espazio publikoen erabilera ukatu digu". Udalari dei egin diote debekua kentzera eta "denontzat izango den txosnagune batik oztoporik ez jartzera".

Bergarako Udalak azaldu du, "momentuz", ez duela adierazpenik egingo gaiari buruz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak