0 eta 3 urte bitarteko haurrak dituzten Bergarako zenbait amak sortu dute Ai Ama! taldea, amatasunak sortzen dituen emozioez eta beharrez hitz egin eta hausnartzeko. Parkean amaitu gabeko elkarrizketei jarraipena emateko edota egunerokotasuneko gaiei buruz patxadaz hitz egiteko aukerarik ez zutela ikusita jarri zuten ekimena martxan duela urte eta erdi. Hilean behin elkartzen dira, Irizar jauregian, eta, "modu autogestionatuan", askotariko gaiez aritzen dira eurentzako "urrezkoak" diren bi ordu horietan.
Amatasuna, feminismotik
Amatasuna feminismotik eraikitzeari buruz aritu zen Nahia Alkorta, eta aldarrikatu zuen amatasunak "erreala" izan behar duela, "hautatua", eta, ahal dela, "askea".