"Ai ama!" edozein unetan egin daitekeen hasperena izan daiteke, baina izen hori duen Bergarako 0 eta 3 urte arteko haurren amen taldea osatu dute, amatasunak sortzen dituen emozioez –poztasun, zailtasun, gatazka...– eta beharrez hitz egin eta hausnartzeko. Idoia Larrañaga de la Presa (Bergara, 1991), Maddi Aspiazu Iturbe (Bergara, 1991), Maite Arantzabal Osinalde (Bergara, 1991) eta Ainhoa Martin Arrizabalaga (Azpeitia, 1990) dira Ai Ama! taldeko ametako lau. Ekimena duela urte eta erdi martxan jarri bazuten ere, maiatzaren 7an egingo dute herri mailako aurkezpena, Irizar jauregian, 18:00etan. Taldea aurkezteaz gain, Amatasuna feminismotik eraikitzen hitzaldia egingo dute, eta Sabeletik Mundura ekimenaren sustatzaile Nahia Alkorta eta Ai Ama! taldeko kideak izango dira bideratzaileak.
Harremanak saretzen
Parkean "amaitu gabeko elkarrizketei" jarraipena emateko edota egunerokotasuneko gaiei buruz "patxadaz" hitz egiteko aukerarik ez zutela ikusita, harremanak sendotzeko eta sarea osatzeko erabaki zuten herriko 0-3 urte arteko umeen ama taldea sortzea. Hilean behin elkartzen dira, bi orduz, eta "urrezko orduak" direla nabarmendu du Maite Arantzabalek: "Lorpenak, beharrak eta egonezinak partekatzen ditugu. Gu izateko aukera daukagu, interferentzia barik". Maddi Aspiazuk gaineratu du oso urte "intentsuak" direla, ezjakintasunez beteak: "Aldaketa handiak gertatzen dira, eta bizipenak partekatzeko gune bat da".
Idoia Larrañagak gehitu du ama izan berritan dena berria dela eta taldeak aukera ematen duela etapa berean dauden beste ama batzuekin egoteko: "Adibidez, gau batean ez dakit zenbat aldiz esnatu zarela; edo beste edozer. Badirudi zuri bakarrik gertatzen zaizula. Emakumearendako momentu hauskorra eta zaurgarria da, non ia galdu egin dugun gure identitatea. Elkarzaintza da. Galduta sentitzen zaren momentu horretan bidelagunak topatzen dituzu".
Amatasuna "oso bakardadean" bizi den errealitatea dela dio Ainhoa Martinek, eta halako talde bat izatea asko eskertzen den zerbait dela uste du: "Bizi garen gizartea oso bakartia bihurtu da, amatasuna oso bakarrik bizi den esperientzia bat da. Amak elkartzeko espazioa izatea oso aberasgarria da".
Nabarmendu dute konfidentzialtasuna dagoela taldean, eta saio bakoitzean kontatzen dituzten gauzak hor geratzen direla. "Normalean, oso ahaldunduta ateratzen gara. Barruan gordeta dituzun gauzak kontatzen dituzu. Barre, negar... denetarik egiten dugu, eta txute batekin ateratzen gara", azaldu du Larrañagak.
Askotariko gaiak
Hileko lehen eguaztenetan elkartzen dira, Irizar jauregian, 17:30ean eta bi ordu inguruko saioa izaten da. Maiatzean, ordea, datorren astelehenerako egin dute hitzordua, aurkezpenagatik. Saio bakoitza gai batekin lotzen dute. Horren bueltan aritzen dira berbetan, eta hurrengo hileko gaia lotzen dute. Dagoeneko produktibitatea, limiteak eta arauak eta etxeko eta familiako ospakizunak landu dituzte, besteak beste, eta zerrenda luzea daukate eginda; esate baterako: Non dago emakumea ama izan ondoren?; eta Erditze-ostea eta gorputza. Hala ere, taldearen beharren arabera beste gairen bat ere landu dezakete.
Taldea handitzeko nahia
Ai Ama!-ren sarea handitu egin nahi dute, eta horretarako baliatuko dute datorren egueneko aurkezpena. "Orain elkartzen garenak betiko lagunak edo ezagunak gara. Ezagun hutsak ginenekin ere harremanak egiten ditugu etapa honetan, baina nahiko genuke harago joan. Ez daukagu identifikatuta talde honetan gustura egongo litzatekeen edo espazio hau izatea eskertuko lukeen jendea. Taldea aniztuko balitz, hobeto".
Ai Ama! taldeak zabalik ditu ateak

Hileko lehen eguaztenetan izaten dute hitzordua, 17:30etik 19:30era, Irizar jauregian. Maiatzekoa, ordea, datorren astelehenean egingo dute, eguenean egingo duten aurkezpenagatik: taldera batzeko hitzordura agertu, aiama.taldea. bergara@gmail.com helbidera idatzi edo taldekideekin jarri harremanetan.