ALBISTEAK

Bergarara itzultzeko gogoz daude Pantxoa eta Peio

Gontzal Belategi Zubia 2026ko apirilaren 16a

Urtarrilaren 9 eta 10eko azken kontzertuen aurretik bira bat egingo dutela iragarri dute Pantxoa eta Peiok. Bergarako San Martin jaietan izango da horietako bat, irailaren 5ean. Herri honetan eman zuten Hego Euskal Herriko lehen kontzertua, 1971n.

2027an egingo dute Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek beraien azken kantaldia, Barakaldoko BECen. Urtarrilaren 9 eta 10ean izango dira agur kontzertu hauek, baina, aurretik, azken bira bat egingo dute Euskal Herrian barrena. Bost emanaldi izango dira guztira, eta horietako bat Bergarako San Martin jaietan izango da, irailaren 5ean. Bergaraz gain, maiatzaren 9an Santutxun, maiatzaren 24an Iruñean, irailaren 5ean Lesakan eta abenduaren 11n Baionan izango da bikote lapurtarra.

Hego Euskal Herriko lehen kontzertua

Karrerek azaldu duenez, bikotea oso pozik dago Bergara itzultzeaz: "Guk aukeratu ditugu Bergarako, Santutxuko eta Lesakako kontzertuak. Iruñean eta Baionan ere egitea nahi genuen. Baina bai, guretzat hunkigarria izango da berriro Bergarara itzultzea".

Beraien ibilbidean garrantzia sinbolikoa izan duten lekuak dira azken bira honetarako aukeratu dituzten lekuak. Ez da kasualitatea zerrenda horretan Bergara aurkitzea, bertan eman zuten eta bikoteak lehen kontzertua Hego Euskal Herrian. 1971ko apirilean izan zen kontzertu hura, Irala aretoan. Ondo gogoratzen du Ospitalek nola antolatu zen kontzertu hura: "Bergaran egin genuen gure lehen agerraldia Hegoaldean, 1971n. Joxemari Iriondok deitu zigun urte hartan, eta Irala zineman gertatu zen kantaldia. Iriondok, Loiola herri irratiko esatari izanik, aukera izan zuen gure lehen kantuak irrati bidez plazaratzeko. Berak deitu zigun eta gu harrituta geunden, horrenbeste jenderen aurrean egoteagatik".

Bertaratu zen jende kantitateak harrituta utzi zituztela baieztatu du Karrerek: "Biak galtzetan pixa eta kaka egiteko baldurrarekin sartu ginela uste dut. Ez geunden ohituta horrenbeste jende ikustera. Iparraldean hasiak ginen, baina bertan gauza berri-berriak ziren. Elizako koruez gain ez zen kantaldirik egiten, beraz jende gutxiren aurrean kantatzera ohituta geunden. Bergaran bat batean horrenbeste jende ikustea, eta giro bero batekin, plazer handia izan zen".

Monzonen herria

Lehen kontzertu hura ez da bikoteak Debagoieneko herriarekin duen lotura bakarra, beraien ibilbidean garrantzia horren handia izan zuen Telesforo Monzonen herria ere bada-eta Bergara. Horrek, are bereziago bilakatu du emanaldia Ospitalen ustez, eta hau omentzeko zein bere mezua zabaltzeko baliatuko dute emanaldia: "Bere kantuak kantatzearekin berari omenaldia ere egiten zaio. Beharbada, Monzonen mezu bezala bi ardatz azpimarratuko nituzke. Alde batetik euskara, hizkuntza. Hor daude Bai euskarari eta Ikastoletako ereserkia abestiak. Bestetik elkartasuna dago. Batasuna izena eman zion kantuari, baina, gerora esan izan zigun agian batasuna baino hobeto elkartasuna izena eman beharko ziola kantuari. Elkartasuna oso garrantzitsua zen Monzonentzat".

1971ko espiritua, 2026an

Bergarako Udala ere oso pozik agertu da Pantxoa eta Peioren emanaldia herrian izateagatik. Bide horretan Kultur zinegotzi Maite Usabiagak azaldu duenez, 1971ko kontzertuaren espiritua mantendu nahi dute emanaldi berrian: "Oso pozik gaude kontzertu honekin. Bergaran izan zen lehen kontzertu hura 1971n izan zen, eta nik dakidanez, ordura arte Pantxoa eta Peioren kontzertuetara 200 pertsona gerturatzen ziren. Hala ere, Bergaran egin zen kontzertu hartara 2.000 pertsona gerturatu ziren, eta harrera polita izan zuen. Oraingoa ere horrelako kontzertu jendetsua izatea gustatuko litzaiguke, oroimenerako ospakizun bat izatea. Horregatik, kontzertua aire librean izango da eta ez da sarrerarik edo gonbidapenik beharko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak