Bergaran izango da Pantxoa eta Peioren azken birako kontzertuetako bat

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko apirilaren 10a

Pantxoa eta Peio, 'Azken dantza' kontzertuetako iragarpenean.

Pantxoa eta Peiok azken bira iragarri dute. Guztira bost kontzertu emango dituzte 2027ko urtarrilaren 9an eta 10ean BECen izango diren bi emanaldiren aurretik, eta irailaren 16an, San Martin jaietan, egingo dute geldialdia Bergaran. Birako emanaldi batzuetako sarrerak astelehenean, apirilaren 13an, jarriko dituzte salgai, baina Bergarako emanaldia doan izango da.

Pantxoak eta Peiok Bergaran –gaur egun etxebizitza blokea den Irala aretoan– eman zuten lehendabiziko kontzertua 1971ko apirilean Hego Euskal Herrian, eta momentu hura oroitzeko bertara itzuliko dira, irailaren 16an, Telesforo Monzonen –hark idatzitako letrekin egin zituen bikoteak abesti ospetsuenetako hainbat– herrira. Orduko hartan, Ipar Euskal Herrian emanak zituzten kontzerturen batzuk, eta ohituta zeuden 200 entzule ingururen aurrean kantatzera. Bergarako kontzertuan, ordea, 2.000 entzule izan ziren.

San Martin jaietan

Kontzertua Bergaran irailaren 16an izango dela bai, baina oraindik zehaztu gabe daude lekua eta ordua. Aurrerago emango dute emanaldiari buruzko xehetasunen berri. Dena den, San Martin jaietako egitarauaren parte izango da emanaldia eta Bergarako Udalak erabakita dauka kontzertua doan izatea eta aire libreko espazio baten. Hasiera baten, San Martin plazan ezingo da egin obretan izango delako. "Obrak amaitzear izango dira, baina Pentekoste jaietan egingo dugun moduan, San Martin jaietan ere beste espazio publiko batzuk egokituko ditugu kontzertuetarako-eta" adierazi dute Udaletik. Esate baterako, Oxirondo azokako plazan jarriko dute oholtza nagusia Pentekosteetan.

60 urteko ibilbidearen amaiera

Duela zenbait hilabete 2027ko urtarrilerako iragarri zituzten Pantxoa Karrerek eta Peio Ospitalek haien azken kantaldiak; urtarrilaren 9an eta 10ean, BECen, hain zuzen ere. Sare sozialetan adierazi dutenez, azken hilabeteetan jasotako maitasunari erantzuteko bira berezia antolatu dute, eta Euskal Herriko bost herritan joko dute: "Peiok eta Pantxoak berrogei urtetik gorako ibilbidetik gogoan iltzatuta dituzten zenbait kantaldi hautatu dituzte, bikotearentzat garrantzia sinboliko berezia dutenak, leku (eta garai) haietara itzultzeko. Antolatzaile, lagun eta zaleekin elkartzeko".

Lehendabiziko kontzertua Santutxun emango dute maiatzaren 9an. Ostean, Iruñean, maiatzaren 24an; Lesakan, irailaren 5ean; Bergaran, irailaren 16an, eta Baionan, abenduaren 11n.

Oholtza gainean Pantxoa eta Peiorekin izango dira Danae Riaño euskal aktore eta abeslaria baxua jotzen eta ahotsarekin laguntzen; Mixel Ducau (gitarra), Iñaki Dieguez (eskusoinua), Gorka Pastor (teklatuak) eta Josu Erbiti ere (perkusioa).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak