Pentekosteak 2026

Pentekosteetako jai gunea Oxirondora lekualdatuko dute aurten

Mirari Altube Arrese 2026ko otsailaren 17a

Oxirondoko aparkalekua.

Obrak direla eta Pentekoste jaietan San Martin plaza ez dela erabilgarri egongo ohiko ekitaldietarako jakinarazi du Bergarako Udalak. Horregatik, eszenatokia Oxirondo azokako aparkalekuan kokatuko da, baita txosnagunea ere, eta kontzertu eta ekitaldi nagusiak han egingo dituzte.

Udaleko Hirigintza Sailak adierazi du San Martin plazan egingo diren lanen ondorioz, Pentekosteetan San Martin plaza ez dela erabiliko, "espazioa ez delako baldintza egokietan egongo jaietako muntaietarako".

Hala, Bergarako Udalak erabaki du jaietako gune nagusia –eszenatoki nagusia barne– Oxirondo azokaren kanpoaldeko aparkalekura eramatea. Horrez gain, txosnagunea ere han bertan jarriko dute, Bideberri kalean beharrean: "Modu horretara, jai gune erosoago eta handiago bat sortuko da, Xaxau-rekin elkarlanean".

Hortaz, kontzertu eta ekitaldi nagusi guztiak egingo dira Oxirondon. "Lekualdaketa horri esker, espazio zabal eta seguru bat eskainiko da Pentekoste jaietako jarduera nagusiak normaltasunez ospatu ahal izateko, eta bergararrek nahiz bisitariek ohiko eskaintza gozatzeko aukera izango dute", adierazi dute Udaletik.

Jai Batzordea eta auzotarrak jakinean

Erabakiaren berri emateko, Udalak bilerak egin ditu Jai Batzordearekin zein Oxirondo inguruan bizi diren auzotarrekin. Aditzera eman dute erabaki hori hartu dela jaietan "antolaketa egokia eta segurtasuna" bermatzeko: "Udalaren ustez, Oxirondoko kokapenak baldintza egokiak eskainiko ditu jaiak behar bezala garatzeko".

Era berean, Pentekosteak antolatzen diharduten taldeekin zein eragileekin elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu du Udalak "jaiak ahalik eta arrakastatsuenak izan daitezen".

Bitorianatxoren jaitsiera

Pentekosteak Bitorianatxoren jaitsierarekin hasten dira plazan bertan, eta Udaletik adierazi dute Bitorianatxorendako alternatiba ezberdinak aztertzen ari direla, eta oraindik erabaki dagoela non izango den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak