Gaur arratsaldeko seiak pasatxo hasi den prentsaurrekoan egin dituzte ia bost urte iraun dituen Larramendi auziaren azken erabakiari buruzko adierazpenak Bergarako Udaleko, Larramendiko Arnasako eta Ekologistak Martxan taldeko ordezkariek. Guztiak gustura agertu dira epaiarekin. "Epai hori ez da berriz ere auzitan jarriko, eta ondorioak argiak eta behin betikoak dira: behin betiko amaitu da gure herrian paper hondakinen errausketa zentro bat ezartzearen arriskua", zihoen Bergarako alkate Gorka Artolak.
Azpimarratu du "urte luzez arrastaka" eraman duten "kezka kolektibo" bati amaiera eman diotela: "Herri honek ez zuen errausketa proiekturik merezi, eta justiziak esan du gaur hemen gaudenok esan genuena egia zela". Gehitu du, hasieratik zutela argi Valogreene enpresaren proiektuak ez zuela bat egiten udal planteamenduarekin: "Gaur, auzitegiek berretsi dute gure kezkak arrazoizkoak zirela eta frogatu da ez geundela oker. Orain frogatu da herritarren osasuna eta ingurumena defendatzea ez dela inoiz gehiegizkoa".
Era berean, eskerrak eman dizkie Larramendiko Arnasari, Ekologistak Martxani, prozesuan bidelagun izan diren herritarrei eta udal langileei.
Larramendiko Arnasa: "Erraustegiaren aurkako borroka irabazi da"
Larramendiko Arnasa taldeko kide eta San Juan auzoko bizilagun Edurne Arenazak hartu du hitza eta pozik agertu da Bergara eta inguruko herriendako "hain kaltegarria izango zen erraustegiaren aurkako borroka irabazi delako, eta azkenean, pertsona eta inguruaren osasuna garaile irten delako".
Eskerrak eman dizkie udaletxeari "gaia bideratzen jakin duelako", eta "berriak eztanda egin zuenetik, une guztian ondoan izan dugulako". Ekologistak Martxan taldea ere izan dute gogoan eskertzetan; bereziki, Carlos Arribas kide bergararra, "hasiera-hasieratik gaiari merezi duen garrantzia eman diolako eta herritarrak babesteko behar ziren esfortzu guztiak egin dituelako". Urte hauetan guztietan antolatu dituzten ekimenetan parte hartu duten herritarrei ere eskerrak eman dizkie.
Ekologistak Martxan: "Gaur egun handi bat da"
Kepa Olaiz, Ekologistak Martxan taldeko kidea, izan da prentsaurrekoan, eta nabarmendu du bi proiektu ezberdin aurkeztu zituela Valogreene enpresak udaletxean eta Eusko Jaurlaritzan. Eskerrak eman dizkie bergararrei, Larramendiko Arnasari eta Bergarako Udalari. Honek ere gogoan izan du Carlos Arribas: "Mila esker eta zorionak denori. Besteek Urdaibain irabazi dute; zuek, Bergaran".
Maiatzaren 16an, ospakizunak
Esker ona adierazi eta "herriaren garaipena ospatzeko" festa bat antolatu dute San Juan auzoko kideek San Juan auzoko plazaren inguruan. Xehetasunak aurrerago emango dituztela azaldu du Edurne Azkaratek, baina aurreratu du musika eta dantzarik ez dela faltako".