ALBISTEAK

Emakumeak Zientzian ekimenean debagoiendarrek ere hartu dute parte

Gontzal Belategi Zubia 2026ko otsailaren 11

Gaur ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna oinarri hartuta, Emakumeak Zientzian ekimenak hainbat ekintza antolatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan. Otsailaren 3an Gasteizen egin zen irekiera ekitaldian izan zen Usue Olatz Aspiazu ikerlari bergararra.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 2016an izendatu zuen otsailaren 11 Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egun. Urte hartan bertan hasi zen forma hartzen emakumeek zientzian eta teknologian duten ekarpena ikusarazteko, genero-estereotipoak apurtzeko eta nesken eta gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzeko helburua duen Emakumeak Zientzian ekimena.

Debagoiendarrak ere lehen lerroan

Debagoienean ere badu oihartzuna ekimenak. Horren adibide da, otsailaren 3an, ekimenaren egitarauari hasiera eman zion Emakume zientzialariak atzo eta gaur hitzaldian Gasteizko Ingeniaritza Eskolako irakaslea eta ikertzailea den Usue Aspiazu bergararrak parte hartu izana. Halako ekimenen garrantzia azpimarratu du bergararrak: "Uste dut asko laguntzen dutela, adin zein inguru ezberdinetako jendearengan pentsamendu zientifikoa, zientziaren atzean dagoena edo zientziaren beharra zabaltzen laguntze dutelako. Batzuetan zientzia 16 urte inguruan, ze gradu ikasi erabakitzeko momentuan, aurkezten zentratzen gara, baina hori benetan sustatu nahi badugu txikitatik eta etxean sustatu beharreko zerbait da".

Erreferenteen beharra

Debagoienean hainbat erakunde zientifiko-teknologikok egin dute bat ekimenarekin, esaterako, Ikerlan, Garaia Parke Teknologikoa, Mondragon Unibertsitatea eta Laboratorium museoa. Bertako zientzialariekin hartu-emana izanda belaunaldi berriek erreferenteak izateko aukera izaten dute. Erreferenteak eskaintze honek duen garrantzia azpimarratu du Aspiazuk: "Askotan gure burua imajinatzen dugu beste batzuk ikusten ditugun paperetan. Pentsatzen dugu gure burua hor ikusten dugun edo ez dugun ikusten. Zenbat eta emakume gehiago ezagutu alor horietan lan egiten dutenak, zientzia zein teknologia aldean, hobe".

Gero eta gehiago dira ibilbide zientifikoa egiten duten emakumeak eta garrantzitsua da horrela izatea, baina oraindik ere gutxiengoa dira eta arrakala are eta nabarmenagoa da zientziaren alor konkretu batzuetan: "Askotan ahaztu egiten zaigu teknologia ere hor dagoela. Gero, graduetan, ikusten duzu biozientzia eta biokimika arloan bai daudela geroz eta emakume gehiago horra hurbiltzen, baina teknologia eta ingeniaritzetan, bereziki ingeniaritza konkretu batzuetan, gehiago kostatzen da, askotan ez dugulako aspektu horretara lotutako erreferenterik edo ez dakigulako zer dagoen horren atzean".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak