ALBISTEAK

Debagoieneko ikasleek gertutik ezagutu dute emakumeak zientzian duten papera

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko otsailaren 11

Neska eta Emakume Zientzialariaren Nazioarteko Egunaren harira, Debagoieneko hainbat ikastetxetako ikasleek zientzia eta teknologiaren mundua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Mahai-inguruak, bisita gidatuak eta laborategiak izan dira egitarauaren ardatz.

Goiza Garaia Parke Teknologikoan hasi dute, emakume zientzialariek osatutako mahai-inguru batekin. Bertara gerturatu dira Aretxabaletako Kurtzebarri eskolako eta Oñatiko Txantxiku ikastolako ikasleak. Zientziaren eta teknologiaren esparruko esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko gunea izan da, eta bertan parte hartu dute Nagore Otegi, Anne Sanz Arrizabalaga, Ainara Gómez Pedraza eta Aitana Gomez Etxebarriak. Hizlariek euren ibilbide pertsonal eta profesionala partekatu dute: zerk bultzatu zituen ikasketa horiek aukeratzera, zer bide egin duten gaur egungo lanpostura iritsi arte eta zer bizipen izan dituzten tartean. 

Emakume izateagatik topatutako oztopo eta zailtasunak ere izan dituzte hizpide, nahiz eta nabarmendu duten egoera pixkanaka hobetzen ari dela. Ikasleei mezu argia helarazi diete: gustuko badute, zientzia eta teknologiaren arloan murgiltzera animatzeko, estereotipoei aurre eginez. Mahai-inguruaren amaieran, zientzia ardatz hartuta, taldeka egiteko lehiaketa txiki bat antolatu dute ikasleen artean, parte-hartzea eta jakin-mina sustatzeko asmoz.

Bisita gidatuak eta laborategiak

Ondoren, bisita gidatuak egin dituzte Garaia Parke Teknologikoan bertan eta Mondragon Unibertsitateko Iturripeko kanpusean. Ikasleek hiru laborategi ezagutzeko aukera izan dute: prototipatuen laborategia, materialen laborategia eta biomedikakoa. Bertan garatzen diren proiektuak eta ikerketa-ildoak gertutik ikusi ahal izan dituzte, zientziaren aplikazio praktikoa ezagutuz.

Ikerlan zentro teknologikoa ezagutzen

Bestalde, Arizmendiko batxilergoko ikasle talde batek Ikerlan zentro teknologikoa bisitatu du. Zentroaren jardunaren azalpen orokorraren ostean, Haizea Gaztañaga, June Palacio eta Izar Sukia ikerlariek euren esperientziak partekatu dituzte, esku artean dituzten proiektuak erakutsiz. Azpimarratu dute emakume zientzialariek lehen urratsak emateko aukera dutela zentro teknologikoan; horren adibide da, besteak beste, Gradu Bukaerako Lana egiten ari den Sukiaren kasua.

Emakumeen presentzia indartzen

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, enpresa eta industria mailan talentua erakartzeko beharra dago, bereziki STEM arloetara eta, batez ere, emakumeengana. Estereotipoekin haustea eta erreferente berriak sortzea funtsezkotzat jo dute. Aldi berean, gogorarazi dute Emakumeak Zientzian ez dela egun bakarrera mugatzen den kanpaina, proiektu kolektibo eta bizia baizik. Helburua argia da: zientzia bidezkoago, irekiago eta anitzago baten alde lanean jarraitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak