ALBISTEAK

Amodiozko Gutun eta Esaldien lehiaketako sarituek euren lanak irakurri dituzte Seminarixoan

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 11

Ainhoa Urzelai Bizente arrasatearrak irabazi du sari nagusia Bergarako Jardun Euskara Elkartearen Amodiozko Gutun eta Esaldien lehiaketan. Guztira, 54 gutun eta 47 esaldi jaso dituzte aurtengo edizioan, eta lan onenak saritu dituzte Bergarako Seminarixoan. Antzerkiarekin, bakarrizketarekin eta musikaz girotut dute ekitaldia.

Sari nagusia ez da banatu duten bakarra izan. Ordiziako Leire Mendizabalek jasok du Bigarren Saria; bera izan da sarituen artean debagoiendarra ez den bakarra.  Gazte Saria, Lide Mantxola oñatiarrak lortu du.  Parte-hartzaile berriarena, ostera, Bergaran bizi den Iñaki Larrea arrasatearrak irabazi du. Herriko saria estreinakoz parte hartu duen Jone Arregirendako izan da eta esaldi onenaren saria ere Bergaran geratu da; hainbat urtetan gutun sailean lehiatu eta sariak eskuratu dituen Ainhoa Pardinak jaso du honako esaldiarekin: Bihotzak bakarrik dakien hizkuntzan aitortu dit nireak zure taupadak direla nire denboraren erritmo. Saridunek euren gutunak irakurri dituzte Seminarixoko publikoaren aurrean.

Gai eta ertz ugariko lanak

Oihana Arana bertsolariak, Xabi Bandini abeslariak, Joxe Aldasoro idazle eta bakarrizketariak eta iazko irabazle nagusi Maialen Akizuk osatu dute aurtengo epaimahaia. Bestetik, ohi bezala, gazteen epaimahaia herriko ikastetxeetako ikasleekin osatu dute. Bikote harremanak islatzen dituzten istorioez gainera, gutunetan irakurri dituzten igorleen eta hartzaileen aukera zabala nabarmendu dute epaimahaikideek.

Jardun Euskara Elkarteak jasotakoaren balorazio "positiboa" egin du, esaterako, gutun kopuru bera jaso dute gizonezko, zein emakumezkoen aldetik. Faltan bota dituztenak Nafarroa eta Arabako gutunak izan dira, baita gazteen gutunak ere. Alabaina, aurtengo helburuetako bat parte hartzaile berriek parte hartzea izan da, eta helburu hori lortutzat eman dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak