Askotariko gaiei buruz egindako hausnarketak, maitasunezko gutunetan jasota

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2026ko otsailaren 6a

Bergarako Jardun Euskara Elkartearen Amodiozko Gutunen eta Esaldien Lehiaketako sariak otsailaren 10ean banatuko dituzte, Seminarixoan, 19:00etan; bakarrizketari bat, antzerkia eta musika izango dira.

Euskaraz idazteko ohitura sustatzeko helburuarekin abiatu zuen orain dela 40 urte baino gehiago Bergarako Jardun Euskara Elkarteak Amodiozko Gutunen Lehiaketa, eta gerora sortu zuten esaldi motzen bidez ere lehiatzeko adarra. Bada, urtetik urtera, sariketak indartsu jarraitzen du; horren erakusle da aurten ere jasotako "kalitatezko idazlan mordoa".

Amodiozko 54 gutun eta 47 esaldi jaso dituzte Jardun elkartearen aurtengo sariketan

Euskal Herriko txoko askotatik idatzitako gutunak jaso dituzten arren, eskualdean geratuko dira aurtengo sari guztiak, Ordiziako Leire Mendizabalek jasoko duen Bigarren Saria ezik. Hain zuzen, Ainhoa Urzelai Bizente arrasatearrak jasoko du Sari Nagusia; Oñatira joango da, bigarrenez eta segidan, Gazte Saria, Lide Mantxola Akizuren eskuetara; eta Bergaran bizi den Iñaki Larrea Hermida arrasatearrak irabazi du Parte-hartzaile Berriarena. Herriko saria estreinakoz parte hartu duen Jone Arregi Etxanizendako izango da eta Esaldi Onenaren saria ere Bergaran geratuko da: hainbat urtetan gutun sailean lehiatu eta sariak eskuratu dituen Ainhoa Pardinarendako.

"Puntako epaimahaiak"

Sariketaren ibilbide osoan antolatzaileek "ondo zaindu dute beti" lehiakideen lanak aztertzeko nor gonbidatu, eta ezagun da aurtengo helduen epaimahai-kideen zerrenda ere mimoz osatu dutela, hainbat arte-diziplinatan diharduten sortzaileak batuta: Oihana Arana bertsolaria, Xabi Bandini abeslaria, Joxe Aldasoro idazlea eta bakarrizketaria eta iazko irabazle nagusi Maialen Akizu. Ohi bezala, gazteen epaimahaia herriko ikastetxeetako ikasleekin osatu dute, eta honako hauek izan dute ardura hori: Ipintza Institutuko Adei Garmendiak eta Sua Zangituk eta Aranzadi ikastolako Izar Barrutiak eta Miren Etxeberriak.

Aurtengo sariketako Gazte-epaimahaikideak. Argazkia: Jardun.

Lan "gozoa besteko gogorra" izaten da epaimahaikide izatea; hauxe dio Oihana Aranak: "Esperientzia ona izan da, orokorrean; sekula horrenbeste mai- tasun-gutun segidan irakurri barik nengoen, eta esperientzia polita izan da. Epaimahaikide izateak beti garrazten du irakurketa, begi askoz kritikoagoekin irakurtzen dituzu testuak, eta horrek literatura plazeretik irakurtzeak daukan zera asko kentzen dio, baina gustura egin dudan lan bat da eta pozik nago. Literatura sustatzeko ekimen bat den neurrian, gustatzen zait halako sariketak existitzea, eta horrenbeste urteko ibilbidea izatea poztekoa da. Era berean, polita dela iruditzen zait gutun formatua izatea sariketaren muina; gaur egun ez gaude ohituta gutunak idaztera eta irakurtzera, eta ariketa interesgarria iruditzen zait jendeari hori eskatzea".

Ohiko ereduetatik harago

Bikote harremanak islatzen dituzten istorioez gainera, gutunetan irakurri dituzten igorleen eta hartzaileen aukera zabala nabarmendu du Aranak: "Maitasun posible askoren kontakizunak irakurri ditugu; esaterako: lagunen arteko maitasuna; anai-arreben artekoa; espazioekikoa eta objektuekikoa... eta, horrez gainera, askotariko espazioetan eta denboretan kokatutakoak jaso ditugu. Alegia, uste dut polita dela jendearen irudimena noraino heltzen den ikustea".

Gutunaren gaia aukeratzea izaten da zailena, lehiakideen esanetan, baina badira aurrez egin eta kaxoian gordetan dituzten idazlanak gutun bihurtu eta lehiaketara bidaltzen dituztenak ere. "Bigarren haurra izateko nengoela, nagusienari gutuna idatzi nion, eta, urte batzuk geroago gutun hori berriz eskuetan hartu eta moldaketatxo bat egin ostean, lehiaketara bidali nuen", dio Bergarako saria irabazi duen Jone Arregik, eta zera gaineratu du Gazte Sariaren irabazle Lide Mantxolak: "Gutuna ez nuen lehiaketan pentsatuta idatzi; une jakin batean bizi nuen egoerak eragindako hausnarketa izan zen".

Esaldi irabazlea

47 esaldi jaso dituzte aurten guztira, eta horietako bi dira Bergarako Ainhoa Pardinak bidalitakoak; hain zuzen, Bihotzak bakarrik dakien hizkuntzan aitortu dit nireak zure taupadak direla nire denboraren erritmo esaldiarekin irabazi du saria.

Otsailaren 10ean banatuko dituzte aurtengo sariak, Seminarixoan, 19:00etan hasita

Ekitaldia, guztiontzako zabalik

Otsailaren 10ean, martitzena, egingo dute sari-banaketa ekitaldi gozoa, Seminarixoan, 19:00etan hasita, eta irabazleek "pozarren" diote han izango direla, baina ez dira taularen gainean bakarrik izango; hauxe dio Jarduneko Maitane Arizabaletak: "Unai Barrutiabengoak aurkeztuko du martitzeneko ekitaldia, eta epaimahaikide jardun duen Joxe Aldasorok umorezko bakarrizketa-saio laburrak egingo ditu. Horrez gainera, Jardun antzerki taldekoen antzezlanarekin gozatzeko aukera izango dugu, eta baita zuzeneko musika entzuteko ere, Amaiur eta Eider Olabarriaren eskutik, eta, nola ez, gutunen irabazleen irakurketak ere izango ditugu".

Ainhoa Urzelai Vicente (Lehen sariaren irabazlea): "Keinua egin diot Bizenta Mogeli"

Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Ainhoa Urzelai (Arrasate, 1995) "pozik eta eskertuta" dago sari nagusia irabazita.

Sari nagusia irabazi duzu. Zorionak! Pozik? Espero zenuen?

Eskerrik asko! Oso pozik eta izugarri eskertuta! Egia esan, lanen bat aurkeztean beti izaten da itxaropen pittin bat, baina sariketa eguna gerturatzen ari zela ikusi eta mezurik jasotzen ez nuenez, nire lana aukeratu ez zutela pentsatu nuen. Jardun elkartetik deitu zidatenean, kontuaz ahaztuta nengoen eta txundituta jaso nuen berria.

Aurrez parte hartutakoa zara sariketan horretan, ezta? 

Urtero jaso izan dut sariketa horren berri, baina formatuagatik (amodiozko gutuna) ez da nire arreta deitu duen zerbait. Dena den, ohartu nintzen labur bada ere, gutunek asko transmititu dezaketeela eta maitasunaren tematika horren barruan, mota askotako testuak idatz daitezkeela. Aitortu behar dut txikitatik idatzi izan dizkiedala gutunak lagunei: postal formakoak oporretan edo kanpoan bizi izan naizenean; baina baita argazkiz lagundutako eskutitzak ere. Hori horrela, duela urte pare bat animatu nintzen parte hartzera.

Zeri buruzkoa da gutun-irabazlea?

Izenburuak dioen moduan, Bilbon 1802. urtean kokatu dut; egokia iruditu zitzaidan irakurleari pista hori ematea hasieratik.

Nork nori idatzitakoa?

Ageri den izen bakarra sinadurako Bizenta A. da. Euskal Herritik Buenos Airesera joan den lagun bati idazten dio; afektua adierazteaz gain, haien arteko ezinezko maitasunaren inguruan hausnartzen du, eta garaiko gizarte tradizionalaren mugak agerian uzten ditu. Bizenta Antonia Mogel idazleari keinu egin nahi izan diot, euskaraz eta haren izenarekin argitaratu zuen lehenengo emakumea, ezohikoa bere garairako. 1804an Ipuin onak obra argitaratu zuen eta horregatik girotu dut nire kontakizuna garai horretan. Esan gabe doa fikzioaz baliatu naizela gutuna idazteko eta bertan kontatzen direnak asmatuak direla erabat.

Zelan izan da idazketa prozesua? 

Unibertsitatean lanean hasi nintzenetik oso denbora gutxi daukat sorkuntza lanerako. Beraz, gutun batekin nahiko lan! Gainera, aurkeztutakoa laburra den arren, denbora behar izan dut hura sortzeko; izan ere, dokumentazio lan apur bat egin dut, ez zait-eta batere erraza egin XIX. mendeko euskaran idaztea. Unibertsitatean literaturan espezializatu nintzen, baina ez testu zaharretan edo dialektologian. Erronka itzela izan da! Jakin nahiko nuke zer esango luketen nire irakasleek testuan erabili dudan euskarari buruz! 

Zer esan dizu epai-mahaiak edo antolatzaileek?

Gutuna originala iruditu zaiela esan didate, batez ere idazkeragatik. XIX. mende hasierako euskaran idatzia dago eta aitortu didate ezohiko proposamena izan dela. 

Sari-banaketa ekitaldira etorriko zara?

Noski baietz! Halako sariak ez ditut egunero jasotzen eta ilusioa egiten dit egindako lanaren aitortza jasotzeak. Gainera, saritutako beste lanak zeintzuk izan diren jakin nahi dut.

Lide Mantxola Akizu (Gazte Sariaren irabazlea): "Amari idatzi diot, baina fikziotik"

Iaz Gaztea Saria irabazi zuen Lide Mantxolak (Oñati, 2000) aurten ere sari bera etxeratuko du.

Iaz aurkeztu zinen lehenengo aldiz, irabazi eta aurten berriz; espero zenuen?

Ez, ez nuen espero bi urtez jarraian sari bera irabazterik. Gainera, gogoeta eta mezu garrantzitsu eta pertsonal bat helarazteko idatzi nuen gutuna, baina, ez lehiaketarako baizik eta terapia bezala.

Zeri buruz idatzi duzu?

Gizartea ikusteko eta bizitzeko dugun moduari buruzko gogoeta pertsonala da gutuna. Nire barrutik sortu zen, niretzat garrantzitsua den mezu bat adierazteko beharretik; hasieran, terapia modura, neure burua ulertzeko, idatzi nuen. Gerora, gutun itxura eman nion, sentitzen nuena besteekin partekatzeko.

Nork nori idatzitakoa?

Nik amari idatzitakoa da gutuna, baina fikzioaren bidez eraikia. Hartzaile zehatza izanda ere, helburua ez da intimoa bakarrik: amaren figuratik abiatuta, gizarteari eta munduari zuzendutako mezu esanguratsu bat partekatzea baizik.

Zelan izan da idazketa prozesua? 

Gutuna ez nuen lehiaketan pentsatuta idatzi. Une jakin batean bizi nuen errealitateak eragindako hausnarketa izan zen. Idaztea askotan erabiltzen dudan modua da neure burua eta errealitatea ulertzeko; niretzat, idazketa terapia da.

Zer esan dizu epai-mahaiak edo antolatzaileek?

Balorazio oso positiboa jaso du gutunak zorionez.

Sari-banaketa ekitaldira etorriko zara?

Lotsa ikaragarria ematen dit baina han izango naiz.

Iñaki Larrea (Parte-hartzaile berriaren saria): "Mugikorrari idatzitako gutuna da"

MUko irakasle eta ikerlari Iñaki Larreak (Arrasate, 1980) "ezustekoz" hartu du sariaren berria.

Parte-hartzaile berrien saria irabazi duzu. Zorionak! Pozik? Espero zenuen?

Ez, ez nuen espero. Lehen aldiz hartu dut parte literatur lehiaketa batean eta 50 gutunetik gora zeudela jakinda, harritu nau saria jasotzeak. 

Zerk animatu zaitu parte hartzera?

Iazko irabazleen gutunak irakurri nituen eta gutunerako aukeretan pentsatzen hasi nintzen. Buruan neuzkan ideia horiek gutunera eramaterako urratsa etorri zen ondoren.

Zeri buruz idatzi duzu gutuna?

Mugikorrarekiko eta aitonarekiko maitasuna uztartzen ditu. Mugikorrarekiko adikzioa jartzen du jomugan gutunak; neurri batean, mugikorraren erabileraz hausnartzeko gonbidapena ere bada.

Nork nori idatzitakoa?

Mugikorrari idatzitako amodiozko gutuna da; aitonaren heriotza da mugikorraren erabileraz hausnartzeko bidea zabaltzen duena. Pantailari begira galtzen ditugun bestelako uneei balioa eman nahi nien. Gaia argi neukan aspaldi, baina buruan nuena gutunean islatzeko prozesua Gabonetan egin nuen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak