ALBISTEAK

Pertsonen ongizate integralaren alde lanean, Bergaran

Xabier Urtzelai 2026ko urtarrilaren 16a

Bergarako Seminarixoa ongizatearen inguruko gogoeta eta parte-hartzerako plaza bihurtu da egunotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bergarako Udalak antolatutako Ongizatearen Plazaren eskutik. Gaur, egubakoitza, arratsaldean, ekitaldiak daude oraindik.

Atzo, eguena, eta gaur, egubakoitza, osasun fisikoa, mentala, elikadura jasangarria, zahartzaro aktiboa, inklusioa eta teknologiaren erabilera arduratsua jorratu dituzte, adituen, eragileen eta herritarren arteko topagune irekia eskainiz. Egitasmoaren irekieran, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendoza Larrañagak eta Bergarako alkate Gorka Artolak azpimarratu zuten plazen izaera komunitarioa berreskuratu nahi izan dutela, elkar entzun, elkarrekin egon eta esperientziak partekatzeko.

Eguen goizean egitaraua Adinberri telebista saiko lagunekin abiatu zen; Iñigo Vicens prestatzaile fisikoak gerturatu ziren guztiak mugiarazi zituen, Seminarixoan bertan lan-saio bat eginaz. Jarraian, Raquel Rodriguezek mindfulness saioa egin zuen. Eta ostean, elikadura izan zen protagonista, Jakoba Errekondoren solasaldi eta tailerraren bidez. Eta ondoan izan zituen, berbaldian esku hartzen, Mikel Igartua eta Maialen Madina nekazari debagoiendarrak ere.

Arratsaldean, berriz, teknologiarekiko harreman osasuntsua landu zuten Altxa Burua topaketan, batez ere gazteen eta familien egunerokoan duen eraginari erreparatuz. Jardunaldia amaitzeko, Osasun mentala mintzagai hitzaldia egin zuen Gurutz Linazasoro neurologoak. Aizpea Goenagarekin moderatzaile lanetan, osasun mentalaren inguruko erronkak eta prebentzioaren garrantzia hizpide hartuta.

Eta ongizatea helburu hartuta, Iñigo Vicens-ek, Jakoba Errekondok eta Gurutz Linazisorok bakoitzaren arloak duen eraginaz egin diote berba GOIENAri. Alegia, kirol ohitura osasuntsuak izateak, ondo elikatzeak, eta osasun mentala zaintzeak duen garrantziaz.

Gaur, egubakoitza, goizeko jardunaldian, berriz, bakardadea jarri dute erdigunean Seminarixoan. Adinberri programaren barruan, Debagoiena Ehuntzen ekimenaren aurkezpenarekin, bakardade egoerei aurre egiteko eskualde mailako proiektua ezagutarazi dute. Eta ondoren, Why Not fundazioarekin batera, podcast saio bat grabatu dute zuzenean, osasun mentala eta adinekoen zaintza ardatz hartuta. Iluntzean, berriz, zine zikloarekin, eta kantu jira saio bereziarekin eta pintxo potearekin emango diote amaiera Ongizate plazari.

 

Egubakoitz arratsaldeko egitaraua

  • 17:00-19:00 Zine zikloa: How to Have Sex, aurkezpena Joxean Fernandezen eskutik eta solasaldia Bergarako Zine Forumarekin. 
  • 19:30-20:00 Musika saioa eta Pitxo-Potea
Erlazionatuak

Ongizatearen Plazako lehen egunak emandakoa, argazkietan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba urt 15, 15:57 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak