Emakume helduen kontrako indarkerian jarri dute fokua gaurko elkarretaratzean Bergarako pentsiodunek

Txomin Madina Milikua 2025eko azaroaren 24a

Astelehenero San Martin Agirre plazan egin ohi duten elkarretaratzean, era berean, joan den egubakoitzean Gasteizen egin zuten  Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen V. Asanbladan hizpide izandakoak ere azaldu dituzte.

Bihar, azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela kontuan hartuta, emakume helduek jasaten duten indarkeriaren kontra egiteko baliatu dute Bergarako Pentsiodunen Batzarrak deituta astelehenero egin ohi duten elkarretaratzea. Hala,  Emakume helduei ere tratu txarrik ez leloa zeraman pankartaren inguruan batu dira  mobilizazioan parte hartu dutenak.

"Emakume helduek jasaten dituzten tratu txarrak batzuetan ikusezinak izaten dira, eta gure belaunaldiek eta aurrekoek izandako hezkuntzak eta erlijioak ere badute horretan eragina", azaldu du Duintasuna elkarteko Maite Guridik, eta gaineratu: "Tratu txar horiek fisiko, psikologikoak zein ekonomikoak izan daitezke, azken hori pentsio baxuen  ondorioz".  Azaldu du, era berean, 80 edo 85 urte dituzten emakumeentzat zaila dela egoera horri aurre egiteko pausoa ematea.

Hain zuzen ere, emakume helduen kontrako indarkeria izan zen, besteak beste, joan den egubakoitzean Gasteizen egin zuten Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeen V. Asanbladan hizpide izan zuten gaietako bat. Ehun emakumek baino gehiagok hartu zuten parte Asanbladan, tartean, Maite Guridik berak: "Eguneko hizlarietako bat Iratxe Herrera izan zen, emakume helduen kontrako indarkeriari buruzko  ikerketa bat egina duena. Berak esandakoek zer pentsatu eman ziguten. Izan ere Herrerok esan zuen askotan tratu txar horiek estali edo isilarazi egiten direla, zenbait kasutan seme-alabek eurek horrela gomendatuta amari".

Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatu arte emakume askok dituzten "miseria-pentsioak" igotzea eskatzeko zelako ekimenak burutu izan zen Gasteizen landutako beste gaietako bat, baita zaintzarena ere.

Abenduaren 13an, manifestazioa Bergaran

Bestalde, gaurko elkarretaratzean iragarri dute abenduaren 18an Eusko Legebiltzarrean 2026ko aurrekontua hizpide izango dutenez manifestazioa egingo dutela Gasteizen. Eta horretarako aktibazio moduan Euskal herriko herri asmotan egingo diren aktibazio ekintzen barruan, Bergaran manifestazioa egingo dutela abenduaren 13an 12:00etan hasita. Bergarako pentsiodunen Batzarreko kideek esan dute, gainera, manifestazio horretara begira herriko sindikatuekin eta talde eragileekin elkarlanean ari direla.