Fernando Baptistaren erakusketaren inaugurazioak ikusmina piztu du Bergaran

Koldo Zubia Salas 2025eko azaroaren 4a

Fernando Baptista Aroztegi aretoan, atzo, bere erakusketaren inguruko hitzaldian.

Atzo, azaroak 3, inauguratu zuten Bergarako Aroztegi aretoko Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea izeneko erakusketa. Gorka Artola, Bergarako Alkateak harrera egin ostean, Baptistak bere lanaren eta erakusketaren inguruko hitzaldia eskaini zuen.

SNDk (Society for News Design) udaberrian munduko diseinatzaile izendatu zuten Fernando Baptista ilustratzailearen lanak batzen dituen erakusketa ikusgai dago urriaren 31tik Bergarako Aroztegi aretoan. 

Baptista, Arte Ederretan lizentziatua da EHUn. Hainbat urtez freelance ilustratzaile gisa lan egin ondoren, El Correo egunkarian sartu zen, eta 2007az geroztik, National Geographic aldizkariko lanean dabil. Bere ibilbidean 250 sari baino gehiago lortu ditu, besteak beste, Peter Sullivan entzutetsua, ordenagailu grafikoko sari gorena eta Emmy sarietarako bi izendapen. "Nire lana, grafikoen eta animazioen bitartez, era guztietako istorioak kontatzea da", azaldu digu Baptistak.

Ikusmina piztu du

Inaugurazioarekin batera, hitzaldia eskaini zuen Baptistak. Haurtzarotik gaur egunera arteko ibilbidea partekatu zuen, eta baita bere lanak egiteko prozesua nola aldatu den. Anekdotak eta bitxikeriak ere partekatu zituen, eta, bertaratutakoek ere, galderak egiteko aukera baliatu zuten. "Egia esan polita izan da, batetik erakusketa, eta bestetik, jendearen parte hartzea, galderak egin dituzte eta interesa erakutsi dute eta horrek asko motibatzen zaitu", zioen Baptistak. 

Bestetik, hitzaldia hasi aurretik, Gorka Artola, Bergarako Alkateak harrera egin zion, bere lanak Aroztegi aretoan partekatzeko izandako prestutasuna eta bertaratu izana eskertuz.

30 urtetako lana

Aroztegi aretoko erakusketan, 1993an lanean hasi zenetik, orain arte egindako infografiak eta proiektuak ikusi ahalko dira.  Esaterako, datuen bistaratzea, historia, animaliak, arkitektura... Baita gauza pertsonalagoak ere; bere garaian aisialdian egindako dinosauroak, adibidez; edota Bilboren maketa bat oinarri hartuta egindako ilustrazio bat ikusi daitezke. 

Infografia bat sortzeko prozesua ezagutzeko aukera ere badago erakusketan. Bere lanetan analogikoa eta digitala nahasten ditu Baptistak, baina dioenez, dena maketa batekin edo ilustrazio batekin hasten da. Jendeak horiek ere ikusi ahalko ditu, baita grafiko bat egiteko Parisera edo Amazonasera joan zenekoa ere. Azaroaren 16a bitartean bisitatu ahalko da erakusketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak