Fernando Baptista: "Jendeak ikastea eta, era berean, gozatzea da infografia baten balioa"

Txomin Madina Milikua 2025eko azaroaren 3a

Bergarako Aroztegi aretoan Fernando G. Baptista. Infografia zientifikoaren esploratzailea izeneko erakusketa zabaldu berri dute, udaberrian munduko diseinatzaile izendatu zuten ilustratzailearen lanak batzen dituena. Azaroaren 3an, Baptistak berak hitzaldia egingo du areto berean,18:00etan.

Puntua aldizkariaren 474. zenbakian argitaratutako elkarrizketa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Badira 18 urte Fernando Baptista (Bilbo, 1965) Washingtonen bizi dela. 2007an hasi zen National Geographicen lanean, eta komunikabide prestigiotsuak AEBetako hiriburuan duen egoitza nagusiko estudiotik erantzun die Goienaren galderei.

Zer topatuko du Bergarako Aroztegi aretoan ikusgai egongo den erakusketara doanak?

30 urte baino gehiagoko lana; 1993an lanbide honetan hasi nintzenetik orain artekoa. Proiektuen eta gaien aukeraketa bat egiten saiatu gara: datuen bistaratzea, historia, animaliak, arkitektura... Baita gauza pertsonalagoak ere; bere garaian aisialdian egindako dinosauroak, adibidez; edota Bilboren maketa bat oinarri hartuta egindako ilustrazio bat. Nire lanean analogikoa eta digitala nahasten ditut, baina dena maketa batekin edo ilustrazio batekin hasten da, eta jendeak horiek ere ikusiko ditu, baita grafiko bat egiteko Parisera edo Amazonasera joan naizen ere. Infografia baten sortzeko prozesua, azken finean.

Esan behar da Bergara ez zaizula ezezaguna: Laboratorium museoan dagoen euskal balearen inguruko moduluan zure infografiak daude, eta udan ere bertan ere egon zara bisitan.

Infografia horien harira, Rosa Errazkin zuzendariarekin eta bere lantaldekoekin ibili nintzen hartu-emanetan, eta uztailean bertara joan eta bisitatzeko aukera izan nuen. Museoa oso ederra da, eta baita oso interesgarria ere. Niretzat oso berezia da euskal balearen infografiekin bertako parte izatea. 18 urtez Washingtonen bizi izanda, akaso herrimina ere izango da, baina ilusio handia egiten dit.

"GAUR EGUN ERE, 30 URTE GEROAGO, PROIEKTU BERRI BAKOITZA LILURAGARRIA EGITEN ZAIT"

Nola heltzen da Leioan Arte Ederrak ikastetik National Geographic Magazine-ko infografiako editore seniorra izatera?

Bizitza honetan ezin daiteke planik egin. Niri beti gustatu izan zait marraztea, maketak egitea... Eta horretan aritzeko logikoena Arte Ederrak ikastea zen. Nire aitak, alor teknikokoa zenez, ingeniaria edo delineatzailea izateko ikasteko iradoki arren, ez nion kasurik egin. Nire hasierako ideia irakaslea izatea zen, gauzak irakastea oso gustuko nuelako, baina tartean infografia sartu zen. Izan ere, 1992an Espainian infografien booma gertatu zenerako niri gustatzen zitzaizkidan grafikoak-eta, banuen horiekiko interesa, eta orduan hain ohikoak ez ziren ordenagailuekin gauzak egiten ikasi nuen. El correo-n infografietan lan egiteko proba batzuetara aurkeztu nuen neure burua, hautatu egin ninduten eta ikusi nuen horixe egin nahi nuela. Eta gaur egun ere, 30 urte geroago, proiektu berri bakoitza liluragarria egiten zait.

Zein da zure lana National Geographic Magazine-n?

Hainbat maila daude. Niri istorio bat lantzeko esaten didate, edo neuk proposatzen dut istorioa. Eta behin aurrera egitea erabakitzen denean, lantaldearekin elkartzen naiz: argazkien zein testuen editoreak, sare sozialetako kideak, kartografoak… Eta erabakitzen dugu istorio horretako zer kontatuko den testuekin, zer argazkiekin… Nire lehen galdera beti da: "Zer kontatuko dugu grafikoekin?". Eta hor aztertzen dugu zer den argazkiekin edo testuekin kontatu ezin dena baina bisualki azaldu daitekeena. Ideiak proposatzen ditut, eta, ondoren, aldizkarian agertuko den modua diseinatzen hasten naiz. Gero, ikertzaile batekin hasten naiz elkarlanean: adituekin elkarrizketak egiten ditugu, edo, beharra dagoenean, tokietara ere bidaiatzen dugu. Eta horren ostean hasten gara infografiari forma ematen: grafikoa aukeratzen dut, agertuko den testua, erabiliko ditugun ilustrazioak.. Hori, paperezko aldizkarirako; izan ere, gero eta material gehiago egiten dugu arlo digitalerako, sare sozialetarako. Lan polita da, prozesuan zehar profesional oso interesgarriak ezagutu eta ikasi egiten dudalako.

Teknologia berriekin lan egin arren ere, Fernando Baptistak maketak erabiltzen jarraitzen du.

Zein duzu infografia bat egiteko prozesua?

Ideia buruan dudanean, arkatzarekin zirriborroak egiten hasten naiz paperean: nola tolestuko diren orriak, gainjartzen diren edo ez… Grafikoa nola irakurriko den, azken finean. Horren arabera, sartuko dudan informazio aukeratzen hasten naiz; batzuetan hainbeste informazio dugu, ezin da dena sartu, ez da liburu bat! Bisualki erakutsi daitekeena aukeratzen dut. Eta gutxi gorabehera grafikoa diseinatuta dudanean, ilustrazioekin hasten naiz. Prozesu horretan adituekin egoten naiz, Zoom bidezko bilerak egiten ditugu, ilustrazioak kontrastatzen ditut haiekin… Ilustrazioak egiteko maketak asko erabiltzen ditut, ikuspuntuak, argi-puntuak… zehazten laguntzen dutelako. Horrekin guztiarekin marrazten hasten naiz, lehenengo arkatzarekin eta gero tableta grafiko batekin. Prozesu horretan zehar, nirekin lan egiten duen ikertzaileak xehetasunak kontsultatzen eta argitzen ditu: nola janzten ziren gizonemakumeak antzinako Egipton? Nolakoak ziren Khufu dinastiako itsasontziak? Prozesu osoan infografia hobetzen zoaz, ilustrazioak zehazten, testuak idazten…

Nola lagundu dizute teknologia berriek zure ibilbidean?

Grafikoak egiten ezinbestekoak dira, aldaketak egiteko aukera eman eta kontrol gehiago eskaintzen didatelako. Baina nik ez dut alde analogikoa baztertu gura izan, nire sustraiak direlako, zerbait berezia iruditzen zaidalako: maketak, eskuz marraztea… Gero, ordenagailuarekin dena koktel-ontzi baten bezala sartzen duzu, eta dena batu. Teknologiak azkartasuna eta malgutasuna ematen dizu. Adimen artifizialari dagokionez, ez dut uste nire lana ordezkatuko duenik. Grafiko bat egiteko erabaki asko hartu behar dira: zer eta nola azalduko duzun. Gaur egun, adimen artifiziala ezin da infografista batekin lehiatu: grafiko baten antzerako zerbait egin dezake, baina ez du grafiko moduan funtzionatuko, ez du pertsona batek egindako grafiko baten konplexutasunik izango.

"GAUR EGUN, ADIMEN ARTIFIZIALA EZIN DA INFOGRAFISTA BATEKIN LEHIATU"

Noiz da infografia bat infografia on bat?

Infografia on bat arreta ematen duena da; nik esaten dudan moduan, wow! efektua eragiten duena. Arreta ematen duena polita delako, baina, era berean, istorio bat kontatzen dizulako. Infografia on batek polita eta informatiboa izatea orekatzen du. Hasierako ideia garrantzitsua da oso; gai erakargarriak eta interesgarriak aukeratu behar dituzu. Jendeak esaten dit jakin-mina duen ume bat bezala naizela, beti alde interesgarriena bilatzen saiatzen naizela. Ez dakit ume bat bezala naizen, baina bai saiatzen naiz irakurlea harrituko duten gauzak topatzen. Askotan, neure buruari egiten dizkiodan galderetatik abiatzen naiz: "Nola eraiki zituzten piramideak? Nola mugitzen zituzten moaiak?". Jakin-min hori da politak eta jendeari atentzioa ematen dioten gaiak aukeratzeko modua. Infografiako testuak ere errazak egin behar zaizkio irakurleari. Gero adituek eta editoreak findu arren, testuak nik neuk idazten ditut, ikusiko denaren eta irakurriko denaren arteko konexioak argia izan behar duelako.

Zein ekarpen egiten dio infografia batek artikulu bati?

Artikuluaren araberakoa da hori; izan ere, guztiek ez dute infografia baten beharrik. Baina grafikoek beti egin ditzakete ekarpenak, beti egongo da zerbait bisualki azalduta ulergarriagoa izango dena. Baita politagoa ere. Ni asko harritzen nau jendeak duela 15 urte egindako nire infografia bat gogoratu eta goraipatzen duela ikusteak. Infografia batek oso espazio murritzean testuekin edo argazkiekin azaldu ezin ditzakezunak azaltzeko balio du. Eta ez bakarrik paperezko aldizkarian; sare sozialetarako bideoanimazioak ere egiten ditugu, eta jendea engantxatu egiten da. Jendeak ikastea eta, era berean, gozatzea da infografia baten balioa.

250 sari baino gehiago jaso dituzu; Society For News Design-ek, esaterako, munduko diseinatzaile onena izendatu zaitu. Zer esan gura dute sariek zuretzat?

Asko irabazteko zortea izan dut, eta, egun nagoen lekuan banago, horiei esker da. Ni tokiko egunkari batean nengoen, eta, pixkanaka, sariak irabazita, nazioarteko proiekzioa lortu dut. Sariek ez naute obsesionatzen; egon dira bat ere irabazi ez dudan urteak, baldintza askoren araberakoak direlako. Baina, esan bezala, zortea izan dut, gustatzen zaidana egiten, istorioak nik nahi bezala kontatuta, sariak irabazi ditudalako. Munduko diseinatzaile onenaren saria 40 profesionalek baino gehiagok erabakitzen dute, eta ezinezkoa dirudi norberari ematea; baina eman zidaten, eta ni, oso pozik!

"KONFIANTZA HANDIA DUT BELAUNALDI BERRIENGAN, GOGO ETA TALENTU HANDIA DUTE"

EHUko Ilustrazio Zientifikoko masterreko irakasle zara; belaunaldi berrietan badago harrobirik?

Urte asko daramatzagu masterrarekin, eta jendeak interes handia du ilustrazio zientifikoarekiko, infografiekiko, datuen bistaratzearekiko... Jende gaztea, gainera, oso ondo prestatuta dago. Gu ez bezala, haiek erabat digitalak dira; guri programa bat ikastea kostatu egiten zaigu, eta haientzat berezkoa da. Konfiantza handia dut haiengan, gogo eta talentu handia dute; oso baikorra naiz belaunaldi berriekiko.

Washingtonen bizi izanda, galdera ezinbestekoa da: nolakoak ari dira izaten Donald Trump berriz ere Etxe Zurira heldu osteko hilabeteak?

Ez genuen espero Trumpek hauteskundeak irabazterik; kontrara, uste genuen Kamala Harrisek nahiko erraz irabaziko zuela. Gainera, Washington hiri oso demokrata da; hemen ez duzu Trumpen edo MAGA mugimenduaren presentziarik igartzen. Lantokietan, kalean... tristura igartzen dut orain. Inork ere ez zuen pentsatzen Trump heldu den mailara helduko zenik; lehen agintaldia ez zen ona izan, baina bigarren honetan erabat solte dabil. Alde batetik, ez duzu ulertzen, baina, bestetik, inpotentzia ere sentitzen duzu. Jendeak protesta egiten du, baina, azken finean, Trumpek dena kontrolatzen du. Ia urtebete pasatu da, baina beste hiru geratzen dira, eta benetan luzea egingo zaigu. Washingtonen 18 urtez bizi ostean konturatu naizen gauza bat da kulturalki ezberdinak garela, gauza batzuk ez ditudala inoiz ere ulertuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak