Azken urteetan bezala, udazkenarekin batera heldu dira Zientzia, ZTB jardunaldiak Bergarara. Zientzia, teknologia eta berrikuntza ardatz hartuta, formazioa eta dibulgazioa askotariko esparruetatik landuko dute, hainbat aditurekin. Hauek aurkezteko asmoz, Bergarako Udaleko, Laboratorium Museoko eta jardunaldien antolakuntzan parte hartu duten eragileetako ordezkariek aurkezpen ekitaldia antolatu dute gaur, nerabeen aurrean, eta besteak beste, elkartu dira Juan Ignacio Perez Iglesias (Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua) eta Gorka Artola Bergarako alkatea. Azken horrek adierazi duenez, hamargarren edizioa da aurtengoa, eta gai nagusia edo ardatza, zientzia kuantikoa da.
Zientzia kuantikoa ardatz
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza (ZTB) jardunaldien hamargarren jardunaldien hasiera-ekitaldia izan da gaurkoa, eta, sailburuan hitzartzearekin batera, DIPC eta Tabakalerako kideen mahai-ingurua izan da. "Zientzia-kuantikoaren sarrera interesgarria egin digute; horixe da hain zuzen ere hamargarren edizio honetako gaia, eta, datozen asteetan, berriz, Bergaran zientzia eta teknologia epizentro bihurtzeko asmotan", adierazi du Gorka Artolak, Bergarako alkatek.
Ekitaldira hasiera alkateak berak eman dio, eta, gero hitza hartu du Rosa Errazkinek, Laboratorium museoko zuzendariak. Galdetu, ikasi eta gozatzeko jarduerak izango direla nabarmentzeaz batera, eskerrak eman dizkie ekitaldian parte hartu dutenei. Ginera, Errazkinek zientzia, teknologia eta berrikuntza herritarrengana iristea modu ulerterrazean dela egitasmo onen muina azpimarratu du eta gero hitza hartu du Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak.
Zientziaren XX. mendearen zati baten gogoeta eginda
Hitzartzearen ondoren esan duenez, Bergaran bada zientziarekiko interesa eta jardunaldi hauen garrantzia azpimarratu du. Gazteak ekitaldira eramatea ere begi onez ikusi du Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, eta, zientziaren XX. mendearen zati baten gogoeta egin eta partekatu du. "Gauza orokorrak izan ditut hizpide, ez naiz eta zientzia kuantikoan aditua, baina, gogoeta eta ondorio batzuk partekatu ditut gazteekin", adierazi du Juan Ignacio Perez Iglesias sailburuak.
Ikasleentzako jarduerak, erakusketak, ikastaroak, hitzaldiak eta tailerrak izango dira urriaren 29tik azaroaren 19ra bitartean, eta horietan parte hartzeko gonbita ere egin dute ekitaldian.