EAJk aldarrikatu zuen, besteak beste, Ertzaintza "euskal autogobernuaren adierazgarri eta polizia hurbil eta demokratikoaren eredu" dela eta Ertzaintzaren, Udaltzaingoen eta ordezkari publikoen kontrako "erasoak, seinalamenduak eta jokaera bortitzak" gaitzestearekin batera.
Azken erasoak "irmoki" salatu zituzten jeltzaleek
EAJren mozioaren helburua azaldu zion GOIENAri jeltzaleen eledun Mikel Letek: "Gure babesa adieraztea Udaltzaingoari eta Ertzaintzari egunero egiten duten lanagatik, eta ematen diguten segurtasunagatik eta babesagatik; jasaten ari diren mehatxuak, isolamenduak eta bestelako erasoak irmoki gaitzetsi nahi ditugu. Atzo [domeka] bertan izan genuen segurtasun sailburu Bingen Zupiriaren kontrako pintaden berri. Kritikak, kritika direnean onuragarriak izan daitezke baina kasu honetan ez gara kritikez ari, baizik eta bortxazko joera batzuez".
PSE-EEren botoa, EAJren mozioarekin
Alderdi sozialistak EAJren mozioa babestu zuen, eta kezka adierazi zuen azkenaldian ugaritzen ari diren ekintzen aurrean. "Egia da neurri batean EH Bilduren mozioa ere babesteko modukoa zela, baina azken puntuan, aipatzen dutenean eztabaida politikora eroan behar dela eurek egiturazko arazoak deitzen dituzten horiek, moziotik desagertu egin da guretzat oso kezkagarria den zerbait. Alegia, gorrotozko mezuen ugaritzea, seinalatuak izatea, udaltzainak eta ertzainak espazio publikotik kanporatzea... Pintadak ikusi ditugu berriro, pin-pan-pum-era itzuli gara... Gure ustez, inolako zalantzarik gabe, egiturazko arazoak dira herri honentzat gorrotozko mezuen hedatzea eta intentsitate baxuko indarkeria mota honen ugaritzea.", esan zuen PSE-EEko bozeramaile Alberto Alonsok.
EH Bilduren mozio alternatiboa
EH Bilduk bizikidetza eta errespetua gainditu ezin diren marra gorri bezala ulertzen ditu baina uste du, era berean, Eusko Jaurlaritzak polizia-eredua sakon berrikusteko hausnarketa eta herri prozesua abiatu beharko lukeela, besteak beste. Honela azaldu zuen mozio alternatiboa aurkeztu izana EH Bilduren eledun Maite Usabiagak: "Adierazpen askatasuneko testuinguru baten bizi garen heinean adierazpen horiek guztiak zilegi dira betiere bizikidetzarako baldintzak betetzen direnean eta errespetuaren mugak gainditzen ez direnean; kasu honetan uste dugu mugok gainditu egin direla eta horregatik, aztertu eta eztabaidatu ostean, gaitzetsi egiten ditugu. Hala ere, azken gertakarien bueltan jarduera polizialaren inguruan kritikak egitea zilegi ikusten dugu, ez dugu uste hori bizikidetzaren kontra joatea denik. Babesten gaituen sistema zalantzan jartzea marko demokratiko baten barruan sartzen dugu, eta ez genuen ikusten EAJren mozioan hori adierazten zenik. Gertakari hauek instrumentalizatu egin dira, eta eredu polizialaren inguruko kritikak kriminalizatu".
Epe luzerako ia bederatzi milioi euroko mailegua
Mozioez harago, epe luzeko ia bederatzi milioi euroko mailegu bat eskatzea onartu zuen atzo udalbatzak. Atzokoa lehen osoko bilkura izan zuen Xabin Juaristi udal idazkariak mailegu horren onarpenerako prozedura bereziaren berri eman ostean, bozketara pasatu eta oposizioa abstenitu egin zen. Inbertsio horien artean daude, esaterako, Barrenkalea, San Martin plaza, Arrizuriaga eta ur hornidura.
Bilkuraren amaieran, galderen eta eskaeren tartean, Bergarako Zezenak ganadutegiari babesa adierazi zioten EH Bilduk eta EAJk.