Iñigo Almortza: "Ez da bidezkoa probak hain zorrotzak izatea eta animali guztiak hil behar izatea"

Imanol Beloki Unamuno 2025eko urriaren 28a

Etsita eta erabat triste daude Bergarako Zezenak ganadutegikoak, tuberkulosi kasu bat atzeman dutenez, abelburu guztiak hil beharko dituztelako. "Bidegabea" ikusten dute erabakia, baina, dagoeneko hasi dira animaliak hiltegira eramaten. 

Bergarako Zezenak ganadutegiko Iñigo Almortza ugazaba ez dago geldi egunotan. Europako erabakiaren aurrean zirrikituren bat topatu gura du egoerari buelta emateko, baina, ia ezinezkoa ikusten du.

Kolpe gogorra izan da Bergarako Zezenentzat. Erabakiarekin konforme?

Ganaduarekin hogei urtez lanean aritu ostean, eta zure genetika eta selekzio bat eginda gero, hauek etorri eta animali bat gaixo egonda, animali guztiak hil beharra, ez dakit jendeari zer irudituko zaion. Imajinatu Bergaran txakur batek gaitz bat balu, eta herriko txakur guztiak hil behar direla esango balute zer gertatuko litzateke. Hemen berdina aplikatzen da. Animali bat gaixo badago sakrifikatu egiten da ez badu sendabiderik. Kasu honetan, ez du sendabiderik. Bi sakrifikatu genituen; batek eman zuen positibo, besteak, ez. Baina orain, guztiak hil beharra, ez dugu justua ikusten.

Nola egiten dira halako prozesuak. Hau da, animalia gaixo dagoen ala ez ikusteko?

Gure animaliei halako kontrolak urtean bi aldiz egiten dizkiegu animali guztiei. Sei hilabetero egiten dizkigute proba horiek; azala hartzen dute kalibre batekin, eta, adibidez, zortzi zentimetro dituela diote. Injektatzen diote erreaktibo bat eta handik lau egunera, teorian azala leku beran neurtu, eta bi milimetro baino gehiago baditu positibo da. Hala da proba, baina, horrekin hain zorrotzak izatea eta animali guztiak hil behar izatea ez da bidezkoa.

Gipuzkoan proba hauek, soilik, egiten dira proba hauek?

Gipuzkoan proba hauek bi milimetrotara zezenak dituztenei egiten dizkiete, soilik, gainontzekoei, lau milimetrotara. Aurten, gainera, sorpresaz azaleko bi proba eta odoleko proba bat egiten etorri dira gurera. Hori, Bizkaian eta Araban, eta, Espainian ez da aplikatzen. 1000 animali daude zezenetakoak hemen, eta, aurten hauek hiltzerakoan 300 izango dira, guztira. Fokua gure gain dago, eta, ezin dugu isilik egon honen aurrean.

Zezenak nola dituzue banatuta zuenean?

Gure kasuan, arrak eta emak berezituta ditugu.  Arretan ez dugu sekula intzidentziarik izan; proba guztietan ondo ematen dute. Emeetan eman dute, baina, guri danak hiltzea agintzen dizkigute.

Kostua ere izango du hiltegira eramateak…

Kostua gutxienekoa da. Lan bat dago eginda hemen, eta, denbora behar da. Hogei urteko lana hondatu digute, eta, hori oso gogorra da. Balore sentimentala ekonomikoa baino handiagoa da.

Kolpe handia duda barik. Etorkizun hurbil edo luzera zer?

Lehenengo asimilatu dana. Desinfekzioak egin, eta, berriro hasi. Garbi dugu animali hauei zor diegula, gure publiko guztiari, hainbeste babes eman digutenei, sare sozialetan zabaldu dugun bideoaren gainean iruzkinak egin dituztenei… baina oso luze joango da.

Dermatosi nodularra ere bada pil-pilean dagoen gaitza, baina, ez du zerikusirik tuberkulosiarekin, ezta?

Kontraesan bat dago hor. Bakunak badaude, baina, ez dute uste uzten bakunatzen lehenengo positiboa etorri arte. Baina, lehenengo positiboa iristean ukuiluko animali guztiak hil behar dira. Guk ere baditugu haragitarako behiak eta beldurrez gaude. Baina, gero, Gipuzkoako Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erabakitzen dute feria eta azoka guztiak bertan behera uztea, baina, joan den domekan, Aian, animali batzuk enkantean jarri dira. Eurek maila jartzen dute, baina, gero, nik pasatzen dut maila hori gora edo behera… 

Eguenean elkarretaratzea, 18:30ean

Urtez urte jai giroak eta ikuskizunak antolatzen aritu diren Bergarako Zezenak ganadutegiak herritarren babesa jasoko du,  eguenean. Izan ere, elkarretaratzea egingo da, Bergarako herriko plazan arratsaldeko 18:30ean.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak