Bergarako Zezenak ganadutegiak bere abelburu guztiak, 90 buru, sakrifikatu egin beharko ditu, tuberkulosi kasu bat atzeman dutelako, sare sozialetan jakinarazi duenez. Urte askotako lana dagoela atzean adierazi dute Bergarako Zezenak-ekoek, 20 urtez landutako genetika akabatu beharko dutelako.
Gipuzkoako bigarren kasua
Aurten Gipuzkoan hauteman den bigarren behi tuberkulosi agerraldia da. Pasa den otsailean, Debako Saka ganadutegiak abelburu guztiak, 160 buru, sakrifikatu behar izan zituen tuberkulosi agerraldi baten ondorioz.
Egunotan abeltzainen artean kezka eragiten ari da behien artean zabaltzen den dermatosi nodular kutsakorra. Hori, baina, beste gaitz bat da, tuberkulosiarekin zerikusirik ez duena, eta oraingoz Euskal Herrian kasurik ez da kasurik atzeman. Prebentzio gisa, behin-behinean, ganadu-azokak bertan behera gelditu dira zazpi lurraldeetan; hala, asteburuan, Aramaioko azokan ez da ganadurik erakutsi.
Esker mezua, atsekabez
Iñigo Almortza Bergarako Zezenak ganadutegiko kidearen arabera, "ez da bidezkoa, ez da justua, ez da zuzena" positibo bakar batekin abelburu guztiak hil behar izatea, eta kritikatu du ganadutegiak "begiz jota" daudela. Gaur, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, konpentsazio ekonomikoek 30 abelburu erosteko balioko die, besterik ez; gaur egun, 90 dituzte. Edozein kasutan, galdu den genetika "ez da sekula ere errekuperatuko" esan du.
"Egunik tristeena"
Bergarako Zezenak taldeak sare sozialetan zabaldu du mezua egoeraren berri ematen. Hemen, osorik:
"Gaur ganaduzale batentzat egunik tristeena da. Gaur egunik tristeena da talde bat baino gehiagorentzat, familia batentzat, gure familiarentzat, Bergarako Zezenak familiarentzat. Inoiz aurre egin behar izatea pentsatu ez dugun egoera batean aurkitzen gara, hustutze sanitario bat egin eta gure animalia guztiak sakrifikatzera behartuta ikusi dugu gure burua. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu gure ondoan egon zareten guztioi; lagunei, ganaduzaleei, zezenzaleei, batzordeei, errekortariei eta baita pasio hau gurekin partekatu duzuen guztioi ere. Hau ez da agur bat, laster arte bat baizik… Itzuliko gara. Indartsuago, elkartuago, ilusio berarekin eta gure animalien oroitzapen ezabaezinarekin, betiko gure historiaren parte izango direnak, Bergarako Zezenak ganadutegiaren historiaren parte. Haiengatik, guregatik, eta afizio zein bizimodu honen alde borrokan egiten dugun guztiongatik, altxatuko garela eta indartsuago itzuliko garela agintzen dugu. Eskerrik asko bihotzez etapa polit hau gurekin partekatu izanagatik! Eskerrik asko bihotz bihotzez".