Igerilekua aukeratu du debagoiendar askok udako berotik babesteko

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko ira. 4a, 15:42

Udako oporraldia igaro bada ere, oraindik badago aukera familian edo lagun artean elkartu eta Debagoieneko bainutokietara joateko. Plan hori aukeratu dute debagoiendar askok ekainetik abuztura bitartean, eta, Bergarako Agorrosingo eta Arrasateko Musakolako kanpoko igerilekuetan nabaritu dute hori. 

Bergaran, Agorrosingo kanpoko igerilekuko erabiltzaileen datu zehatzik ez dute, baina bai spako zatia kenduta, Agorrosinera sartu direnena, eta 67.701 lagunek zapaldu dute Agorrosin ekainetik abuztura bitartean. Ekainean zenbatu dituzte sarrera gehien, 28.294; gainera, iaz baino %10 gehiago. Iñaki Ugarteburu Bergarako Udaleko Kiroletako Zerbitzuburuak ekaineko datua nabarmendu du, igerilekuak ez direlako ekaineko lehendabiziko egunean zabaltzen.

"Ekainean 28.294 sarrera zenbatu genituen, iaz 25.763. Esan daiteke aurten %10 inguru gehiago izan dela. Uztailean, iaz baino gutxiago 24.116, eta ekainean baino ia 4.000 pertsona gutxiago. Abuztuan, azkenik, 15.291 lagun. Iazko datuekin alderatuta gehiago. Ekaina izan da hilabeterik indartsuena; iaz, uztaila", adierazi du Bergarako Udaleko kirol zerbitzuburu Iñaki Ugarteburuk.

Hala, Arrasateko Musakolako kiroldegian badute kanpoko igerilekuetako erabiltzaile kopuruaren datu zehatza. Arrasteko Udaleko kirol teknikari Aitziber Muñozek azaldu du, aurten, ekainaren 18tik irailaren 2ra 46.015 sarrera izan dituztela; iaz, ekainaren 15etik irailaren 15era, 44.258. Ekainean, 12.322 sarrera zenbatu dituzte; uztailean 18.359, eta abuztuan 14.622. Egunik jenndetsuenak ekainaren 30a eta uztailaren 1a izan dira; hurrenez hurren, 2.084 eta 2.082. Gainerako egunetan, 2.000 erabiltzailetik behera.

Usakon, berriz, 12.603 lagun zenbatu dituzte ekaina, uztaila eta abuztua bitartean, Oñatiko Udalak emandako datuen arabera. Hala, ekainean igaro da jende gehien, 4.737. Uztailean, berriz, 4.023 eta abuztuan 3.843.

Musakolan hilabeterik jendetsuena uztaila

Urtero izaten da uztaila hilabeterik jendetsuena Musakolako kanpoko igerilekuan, baina Arrasateko Uxarte jatetxeak GOIENAri adierazi dio, udan zehar jende dexente ibili bada ere, uztaila "petral xamarra" izan dela Udalako igerilekuan. Uztailean, lana egin ostean joaten dela jendea; abuztuan, berriz, turistak izan direla aipatu dute.

Abuztuko bero-boladak eragina

Abuztuko bero boladek ere utzi dute arrastoa igerilekuetan Agorrosingo eta Musakolako abuztuko datuak hazi egin direlako iazkoekin alderatuta. "Abuztua egia esanda, esango nuke lehen hamabostaldia hobea izan zela bigarrena baino. Iaz baino 2.200 lagun gehiago ibili dira. Normalean baino jende gehiago etorri da", dio Ugarteburuk.

Muñozen esanetan, berriz, aurtengo abuztua iazkoarekin alderatu dute eta 3.000 sarrera gehiago izan dituzte: "Hortaz, beroaldiak eragin handia izan du".

Aparteko intzidentziarik ez

Aparteko intzidentziarik ez dute izan bi igerilekuetan, eta Bergarako kasuan, aurten ere txandakako sistema erabili behar izan dute zenbait egunetan 187 bainulariko muga ez gainditzeko. Dena den, Ugarteburuk azaldu du haurrendako ur-txorrotak eta barruko igerilekua erabilgarri egon direla. Berritasunak ere bai bi igerilekuetan: Arrasaten, Nik txartel birtuala. Bergaran, aldiz, janari-postua eta zenbait mahaietako estalpea. 

Bi igerilekuak irailaren 14an itxiko dituzte. Bergarakoa domeka honetan ixtea aurreikusten zuten, baina ez dute ohiko garbiketa astea egingo, datozen hilabeteetan igerilekua itxi beharko dutelako eraikinaren estalkia konpontzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak