Moises Azpiazu dantza taldeak 50 urte 2021. urtean bete zituen arren, asteburu honetan egin dute urteurrenari dagokion ospakizuna, egun osoko jarduerarekin. Zapatuan, Bergarako Udal Pilotalekuan 167 dantza ikasleek orain arte ikasitakoaren erakustaldia eskaini zuten, besteak beste.
Dantza taldeak bere izenean daraman Moises Azpiazu dantzaria gogoratu nahi izan zuten ospakizunaren egunean. Dantza taldearentzat ez ezik, herrian ere erreferentea da Azpiazu, batez ere, dantza solteari dagokionez. 1964an hasi zen dantza irakasten, Osintxun. Urte beran batu ziren Jabier Mendizabal eta Maite Barrena diziplina bera irakastera. Hortaz, azpimarratzekoa da dantza solteak Bergaran duen ibilbidea.
Gaur gaurkoz, dantza taldearen ardura daraman Maite Lazkanok belaunaldiz belaunaldi Moises Azpiazuren presentzia mantendu dela, eta berak egindako bideari jarraipena eman zaiola adierazi du.
Dantza taldeak antolatutako ikuskizunak Bergarako herriko frontoia bete zuen, bertaratutakoek emanaldiaz gozatu zuten, eta txalo zaparra ederrak eskaini zizkieten dantzariei. Frontoian dantzatzearekin batera, poteo musikatuarekin bete zituzten herriko kaleak, eta Bada Giro taldearen erromeriarekin borobildu zuten eguna, San Martin plazan.