50. urteurrena ez da edonoiz betetzen eta gaurkoan Moises Azpiazu dantza taldeak dagokion lekua eta garrantzia eman nahi izan dio honi, urteurrena ospatzeko egun osoko jarduerekin. Egitarauari hasiera emateko, ekitaldirik bereziena prestatu dute dantza taldeko guztiek, Maite Lazkano taldearen arduradunaren gidaritzapean, 167 ikasleek emanaldia eman dute eta ikasitakoa frontoiko kantxan erakusteko aukera izan dute. Bertaratu direnek bapo gozatu dute ikuskizunaz eta txalo zaparrada ederrak eman dantzariei.
Lazkanok azaldu digunez, gaurko eguna "mundiala" izango da: "jarraian 14:30etan herri bazkaria egingo dugu, digestioa egin eta gero karro poteora irtengo gara kalera 17:30-18:00 aldera, pixka bat kalea alaituko dugu eta gero 19:30an errematea Bada Giro erromeria taldearekin plazan".
Dantza taldeak bere izenean daraman gizona gogoan duela ospatuko du urteurrena, askorentzako dantza taldearen arima izan zena. Moises Azpiazuk Bergaran dantza zabaltzen eta sustatzen egin zuen lana ezinbestekoa izan zen eta herrian dantzak gaur egun duen garrantzia berari zor zaio. Azpiazuk euskal dantzak sustatzeko egindako lana eta Frankoren garaietan heritarren euskalduntasuna ateratzeko eta dantza taldeagatik egindako lana handia izan zela aitortzen du Lazkanok: "berarekin zabaldu den bidea beste batzuk jarraitu besterik ez dugu egin".