Ekainaren 6an, 20:00etan, Bitorianatxo udaletxera jaitsi eta ekainaren 10ean kontrako bidea egin bitartean, herriko jai nagusietan murgilduko dira bergararrak. San Martin plazan egoterik ez dutenek Bitorianatxoren jaitsiera zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dute egubakoitzean, Goiena.eus atarian, 19:55ean hasita.
Erraldoi Taldeari omenaldi bikoitza
Aurten 25 urte bete dituen Bergarako Erraldoi Taldeak (BET) emango die jaiei hasiera; zehazki esanda, taldeko presidente Jon Ander Garitanok gozatuko du "ohore" horretaz: "Udala eta Xaxau, biak akordatu dira gure 25. urteurrenarekin, eta guretzat ohorea da jaiei hasiera ematea. Uste nuen Guti edo Felixin izango zirela suziria bota eta pregoia irakurriko zutenak, baina taldean esan didate lan hori presidenteak egitea komeni dela. Ardura ederra!"
Pregoian ze mezu zabalduko duen galdetuta, honako hau aurreratu du Garitanok: "Eskerrak emango dizkiogu Bergarako herriari, jaiek herritik herrira izan behar dutelako. Talde txiki bat ginen, baina talde handi bat gara, eta hori, neurri handi baten, umeei zor diegu. Hori bai, neska gehiago nahi ditugu, eta horregatik sortu ditugu azken bi erraldoiak, Krixkitin eta Poxpolin. Ea helburua lortzen dugun".
BET 2009an irten zen lehen aldiz Euskal Herritik, Navarclesera (Bartzelona) joateko. "Gure urteurren berezia dela eta, Bergarara gonbidatu ditugu, eta zapatuan goiz eta arratsaldez egongo dira gurekin. Haiena izango da bisita bereziena, baina ez bakarra. Zapatukoa izango da egun handiena, baina domekakoa ere berezia izango da, Xaxauren omenaldia dela eta; txosnagunean egongo dira erraldoiak, taldekoek ez direnek ere nola erabili ikasi dezaten. Ate irekiak izango dira".
Bakailaoa, ihes-gela, eskalada...
Jai Batzordeak erabaki du bakailao txapelketari izaera irekia ematea, elkarte gastronomikoendako ekintzak herritarren parte bati bakarrik zuzendutakoak izan ohi direla iritzita. Hortaz, "kulturartekotasuna sustatu eta ekintza demokratizatzeko apustua" egin dute; hamar bikotek hartuko dute parte. Izena eman behar zen ere azokako ludotekako ihes-gela edo scape room-erako. 60 umek eman dute izena; ekainaren 7an, hemeretzi ume hiru taldetan banatuta, eta ekainaren 8an, 41 ume bost taldetan banatuta. Bestalde, ekainaren 8ko Mokoloblock topaketan (18:00) hemeretzi partaide egongo dira.
Azken jaiak egungo plazarekin
Gorka Artola alkateak gogora ekarri du azken Pentekosteak izango direla San Martin plaza berritu aurretik: "Jai hauek gure nortasunaren adierazgarri dira, gure sustraiak gogora ekartzen dizkigute eta etorkizunari begiratzeko aukera ematen digute. Aurtengo txupinazoa berezia izango da, San Martin plaza orain arte ezagutu dugun bezala ikusiko dugun azken urtea izango delako; datorren urterako hobekuntzak egin, eta itxura aldatuko diogu". Esker ona adierazi die alkateak jaien antolakuntzan aritu direnei: "Jai Batzordearen, boluntarioen eta, oro har, langileen konpromisoa eta ahalegina funtsezkoak dira jai inklusibo, anitz eta parte-hartzaileak bermatzeko. Bihotzez, eskerrik asko guztiei".
Gainera, herritarrei gonbita egin die alkateak "txoko propioak" sor ditzaten; betiere, herritar guztien ongizatea bermatuz: "Abestu kalean, dantzatu plazan, gozatu familiaz eta lagunez eta izan Bergara biziarazten duen indarra. Zuen parte-hartzeak ematen die Pentekosteei zentzua. Baina ez dezagun ahaztu errespetua eta elkar zaintza ezinbestekoak direla. Gozamenaren erdian, denontzako espazio seguru eta abegikorrak sortzea da gure helburua. Gozatu eta errespetatu, eta, posible bada, ahaztu eguneroko arazo eta buruhausteak. Gora bihotzetik ateratako algarak, gora txikienen begietako ilusioa eta gora Bergara!".
Xaxau, "sekulako gogoz"
Xaxautarrak "sekulako gogoz" daude Bideberriko txosnagunean jaiez gozatzeko. "Lan handia egin dugu, eta oso gogotsu gaude emaitza ikusi eta herritarrek prestatukoaz gozatu dezaten. Egitarau luzea eta zabala antolatu dugu, ez bakarrik gauerako; egun osoko eta adin guztiei zuzendutako jaietan sinisten dugu. Txandak goiz eta azkar bete dira, eta hori eskertzekoa da, baina garrantzitsua da muntatze eta desmuntatze lanetan ere laguntzea. Ez ahaztu Bideberrikoa gune askea izango dela, denok ondo pasatzeko, eta ez dugula inongo erasorik onartuko. Herritik herriarentzat eta errespetuan, goazen denok ondo pasatzera!", dio Xaxauko Andoni Etxezarretak. Bergarako, Debagoieneko eta Euskal Herriko artistek osatuko dute kultura eskaintza, eta bazkariak, film laburren lehiaketa eta tailerrak ez dira faltako.
Erraldoi Taldea omenduko dute domekan: "Erraldoiek indar handia dute herrian, eta espero dugu jende asko elkartzea txosnagunean; erraldoien omenezko partxeak atera ditugu, eta salgai daude tabernetan".
Nobedadeen artean, frontenis txapelketako finalak jokatuko dituzte, ekainaren 6an, Boluko frontoian (18:00). Hiru kategoria egongo dira: mistoa, neskak eta mutilak: "Txaranga bat ere egongo da... Ez dago plan hoberik jaien hasiera aurretik Boluko frontoira joatea baino". Beste berrikuntza bat da aurten lehen aldiz Xaxauko kalkomaniak atera dituztela, txosnetako barran hartzeko.
Bestalde, iaz arrakastaz berreskuratutako baltsen jaitsiera ere antolatu dute, astelehenerako: "Oso pozik gaude izen-emateekin. 22 taldek eman dute izena, eta, beraz, 100 bat lagun jaitsiko gara errekara".
Mugimendu Sozialista, plazan
Mugimendu Sozialistak San Martin plazan jarriko du aurten ere txosna, lau eguneko egitarauarekin. Hala ere, hirugarren urtez jarraian salatu dute ez zaiela bermerik eman euren txosna jartzeko. "Herriko eragile guztiek izan beharko genuke eskubidea txosnen antolaketan parte hartzeko. Hirugarren urtez jarraian ukatu egin zaigu berme hori; aurten plazan txosna jarri ahal izan dugu, ez delako modu ofizialean inor aurkeztu plazako txosnaren ustiaketarako eta guri eskaini digutelako. Hau da, datorren urterako ez dugu inongo bermerik, eta ez zaigu bidezkoa iruditzen", adierazi du Mugimendu Sozialistako kide Eider Elorzak.
Hala ere, pozik daude, "egitarau zabala" antolatu dutelako, aldarri eta guzti: "Txupinazoaren ostean, Palestinaren aldeko elkartasun-argazkia aterako dugu; Israel estatu genozida salatu eta Palestinako erresistentziari babesa adieraziko diogu". Bestetik, egitarauko ekitaldien barruan, umoreari egin dioten lekua azpimarratu dute: "Domekan bakarrizketa oso interesgarriak izango ditugu, Antton Telleriarekin eta Asier Kortabarria Moto-rekin. Hala ere, egitarau osoa izango da interesgarria; jende guztia gonbidatzen dugu gure txosnara. Ederra izango da".
Indarkeria matxistaren aurka
Udalak asteon aurkeztu du jai eta aisialdi eremuetan indarkeria matxista prebenitzeko eta kontra jarduteko protokoloa. Martxanterak eta Oñeztua talde feministek eta tabernari batzuek sinatu dute, alkatearekin batera; urte osorako da, eta "hasierako urrats" bezala dute. "Orain, komeni da protokoloa ahalik eta gehien zabaltzea, formakuntza eta konpromisoa eskatuko dituelako", dio Martxanteretako Maite Aristegik. Hainbat printzipiotan oinarritzen da: erasotuak erdigunean jartzea, konfidentzialtasuna bermatzea, jarrera matxisten gaitzespen publikoa, eta prozedura penalaz harago joanda, biktimaren ongizate emozionala lehenestea. Hasiera batean, herri bazkarian eta zezen-plazako ekintzetan aplikatuko da protokoloa, baina asmoa da pixkanaka beste eremu batzuetara ere zabaltzea. Parte hartu nahi duten tabernek langileentzako formakuntza jasoko dute eta jarraipen batzordean arituko dira. Batzordea urtero bilduko da, eta bertan egongo dira Udaleko politikari eta teknikariak, Udaltzaingoa, mugimendu feminista, jaien bueltako elkarteak eta ostalariak. Helburua protokoloa hobetzea izango da.
Bestalde, Pentekosteetarako propio informazio- eta arreta-guneak jarriko dituzte. Informazio-gunea indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako gunea izango da; zabalik egongo da ekainaren 6an eta 9an, 19:00etatik 22:00etara, txosnagunearen ondoan. Arreta-puntua eraso matxisten aurrean esku hartzeko espazioa izango da. Ekainaren 6an, 7an eta 9an 22:00etatik 06:00etara irekita egongo da, Irizar jauregian, eta arreta emozionala, laguntza, eskubideei buruzko informazioa eta aholkularitza eskainiko da. Telefonoz ere eskainiko da: 747 44 84 56.