Dantzaren eta Afrikaren egunak ospatu dituzte asteburuan Bergaran

Sara Lanz 2025ko mai. 27a, 14:54

Asteburu honetan askotariko dantzen lehen festa handiak bete ditu Bergarako kaleak. Batetik Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatu dute lehen aldiz modu bateratuan, eta bestetik, Afrikaren eguna, kulturartekotasuna eta aniztasuna oinarri. 

Hainbat taldek hartu zuten parte dantzaren aldeko ikuskizunean: Bergarako Musika eta Dantza Eskolak, Moises Azpiazuk, Taupak eta Candem Dance Studiok. Apirilean izan zen Dantzaren Nazioarteko eguna ardatz hartuta, maiatzean irten dira dantza egitera herriko kaleetan zehar. 

Ekitaldiaren helburuetako bat elkarlanari bidea ematea izan da. Ohikoagoa da taldeak euren aldetik dantzan ikustea, ikuskizun bateratu baten baino. Hala azaldu du Eneko Galdosek, Bergarako Musika eta Dantza Eskolako irakasleak: "Agian musikariek ohitura dute elkarlanak egiteko garaian, adibidez, orfeoiak eta bandak. Dantza taldeak bakoitzak bere aldetik emanaldiak egiteko joera dugu, eta denok elkarlanean elkartzeko Udalak proba moduko bat egin du".

Hiru geraleku izan zituzten dantzariek, Laboratorium, Epaitegien aurrea eta San Martin plaza. Horietan bergararrek aukera izan zuten estilo desberdinak ikusteko, tradizionaletik modernoagoetara. Candem Dance Studiok eskaintza ezberdinagoa jarri zuen ikusgai: "Flamenkoa, klakea, dantza urbanoa, saltsa, bachata, dantza garaikidea" azaldu zuen Olamar Elejagak, Candem Dance Studioko zuzendariak, denek batera egun polit eta ezberdin bat pasa zutela azpimarratuz.

Antolatzaileek ekitaldiaren balorazio positiboa egin zuten. Dantzaren festa, beraz, aberastasun artistiko eta kulturala erakusteko plaza bihurtu zen: "Nik uste dut denok oso positiboki baloratuko dugula egun hau. Aberastasun handia dago, dantza mota guztiak ikusi ahal izan dira. Dantza guztiontzat gure terapia da, dena ahazten duzun momentu hori. Zoriontasunaren isla da dantza" esan zuen Moises Azpiazu dantza taldeko Maite Lazkanok.

Baliteke hau hasiera besterik ez izatea. Antolatzaileek adierazi dutenez, udalaren babesa jaso dute, eta hurrengo urteetan ere halako ospakizunak egiteko gogoa azaldu dute. Lazkano ziur dago ondorengo bat egongo dela, eta Udaleko kultura arlotik egin den lana nabarmendu nahi izan zuen. 

Afrikaren eguna

Egun berean ospatu zen Bergaran Afrikaren Eguna ere. Ndank Ndank elkarteak antolatutako ekimenaren bidez, herritarrek Afrikako kulturara hurbiltzeko aukera izan zuten. Plazan Afrikako eta Asiako janaria dastatzeko aukera izan zen, eta dantza eta musika emanaldiak ere eskaini zituzten. Gainera, jakien salmentarekin lortutako dirua umeen beharrei erantzuteko poltsa sozial batera bideratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak