Nigeria, Ghana eta Kongoko erritmo dantzagarrietan trebatu dira bergararrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 23a, 13:08

Bilboko Follow The Party elkarteko kideek dantza tailerra eskaini zuten atzo Bergaran eta esan daiteke zaletasun berriak piztea lortu zutela. Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltan Ndank Ndank elkarteak eta Bergarako Udalak elkarlanean antolatutako ekintzetako bat izan zen.

DJ Javier Black-ek jarritako musikarekin eta Kumak dantzarako emandako jarraibideekin Afrikako askotariko dantza estiloen berri jaso zuten, atzo, bergararrek. "Follow the party elkarteko kideak gara eta Bilbotik gatoz. Musikaren eta dantzaren bitartez aniztasun soziala sustatzen dugu", azaldu du Kumak.

Martxoaren 21ean aldarrikatzen da Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna eta kulturartekotasunean eragiteko helburuarekin Bergarako Udalak eta Ndank Ndank elkarteak elkarlanean antolatutako ekintzen barruan kokatu behar da atzoko dantza tailerra. Tailerra plazan egitekoa zen, baina euria tarteko Seminarixoa aretora lekuz aldatu zuten. 

'Afrobeats' eta 'Ndombolo' estiloak

Seminarixora gerturatutako ume zein helduek laster ekin zioten dantzari. Kumak eta DJ Javier Black-ek animatu behar izan zituzten hasieran, baina ez zuten lan handiegirik egin behar izan. Laster zutitu ziren bergararrak dantzarako.

Afrobeats eta Ndombolo estiloak erakutsi eta ikasi zituzten gehienbat. "Afrobeats musika zein dantza estilo bat da eta gehienbat Ghanan eta Nigerian du jatorria. Oinen eta besoen mugimenduak dira batez ere", azaltzen du Kumak. "Ndombolo Kongokoa da eta bere ezaugarri nagusietako bat gerriaren mugimendua da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak