David Ontoriaren 'Conguito' laburmetraitik abiatuta arrazakeriaren inguruko gogoeta interesgarriak

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko mar. 22a, 10:35

Vorigi Bita, David Ontoria, Amaia Jackson, Amane Mei Otaegi eta Itziar Larrinagak atzoko mahai-inguruan.

Atzo aldarrikatu zen Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta Bergarako Seminarixoa aretoan egindako Conguito laburmetraiaren proiekzioarekin eta ondorengo mahai-inguruarekin arrazializatutako pertsonek gure gizartean pairatzen duten bazterkeria zelakoa eta zenbaterainokoa den agerian gelditu zen.

Bergarako Ndank Ndank elkartearen eskutik etorri ziren Conguito laburmetraiaren proiekzioa eta ondorengo mahai-ingurua. 

Laburmetraiak 15 bat minutuko iraupena du eta Malik-en eta bere ingurukoen bizipenak jasotzen ditu. Malik adoptatuta da eta arrazakeria eta bullyinga jasaten ditu eskolan. Maider da duen lagun bakarra, baina Maider ere denborarekin bere kontra jartzen da, eta egoera are eta eramangaitzagoa egiten da Malikendako. Erakundeen immobilismoaren aurrean Maliken gurasoak semeari laguntzen saiatzen dira, eta Malikek nahi duen gauza bakarra Maider laguna berreskuratzea da.

Gogoeta askotarako ematen duen laburmetraia da Coguito eta Seminarixoa aretoko proiekzioaren ostean egindako mahai-inguruak bizipen eta sentimendu asko partekatzeko aukera eman zuen. Hizlarien artean izan zen laburmetraiaren zuzendari David Ontoria. Baita ere Black is beltza dokumentaleko protagonista Amaia Jackson ere. Itziar Larrinagak, Amane Mei Otaegik eta Vorigi Bitak osatu zuten boskotea.

Jacksonek, Meik eta Larrinagak, esaterako, irakaskuntzan egiten dute lan. Larrinaga, bestetik, arrazializatutako bi semeren ama da. Etorkizun antiarrazista eraikitzeko mezuak helarazi zituzten baita ere pertsonak gehiago gerturatuko gaituen hezkuntza antiarrazista baten aldekoak ere. Arrazakeriaren kontrako irakasleen formakuntza ezinbestekotzat jotzen dute.

Euskaraldiarekin bat

Ekitaldian Euskaraldian parte hartzeko dei ere egin zuten bertaratutakoek. "Euskarak ez dauka jaberik eta denok izan ahal gara euskararen historiaren parte. Anima zaitezte euskararen historia izatera", esan zuten Euskaraldiko lelo eta ikurrak alboan zituztela.

Gaur, dantza tailerra

Bergarako Udalak antolatuta Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin lotutako bigarren ekintza bat izango da gaur herrian. Hain zuzen ere, 18:00etan, afrobeat dantza tailerra izango da San Martin Plazan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak